Minbiziaren kontrako ibilaldian izena emateko deia zabaldu dute, igandean izango baita

Aitor Aspuru Saez

Gaurko agerraldiaren irudia. / Aiaraldea.eus

Aurreraka Elkarteak, Amurrioko Udalak eta Minbiziaren Kontrako Elkarteak egin dute gaur prentsaurrekoa ekimenaren garrantzia aldarrikatzeko eta parte hartzea sustatzeko.

Minbiziaren kontrako ibilaldia egingo dute igandean 11:00etan, Juan Urrutia plazatik abiatuta. Aurreraka Elkarteak antolatuko duen zortzigarren edizioa izango da eta 10 euro balioko du izena emateak.

Berez, taldeko emakumeak Kultura Etxean egongo dira bihartik ostegunera inskripzioak egiten, 11:30etatik 13:30ak arte eta 17:30etatik 19:30ak bitarte. Ostiralean ere arituko dira azokan.

Taldeko kideek eskatu diete amurrioarrei egun horiek baliatzeko, kamisetak eta bestelako materiala kudeatzeko. "Egunean bertan dena egitea eromena da", azaldu dute.

Aurrerakak, gainera, aipatu du herritar ororen laguntza jasotzeko prest dagoela, "dena oso gutxiren artean" egiten baitute. Horregatik, eskertu dute ostalariek egiten duten ekarpena pintxo-potean jango dena prestatuta.

Ibilbideari dagokionez, aurten betikoa mantenduko dute, "irisgarria eta erraza delako parte-hartzaile guztientzat".

Aurreraka elkarteak aipatu du herritar ororen laguntza jasotzeko prest dagoela, "dena oso gutxiren artean" egiten baitute.

Eskerrak Udalaren eta Minbiziaren Kontrako Arabako Elkartearen izenean

Bai Amurrioko Udalak zein Minbiziaren Kontrako Arabako Elkarteak hitz politak izan dituzte Aurrerakako boluntarioentzat, urtero egiten duten lanagatik. Elkarte arabarrako presidenteak, Belén Ejelalde Velascok, azpimarratu du herrialdean bi milioi euro inbertitu dituztela gaixotasuna dutenei babesa emateko, modu batean edo bestean, bai ikerketa proiektuak bultzatuta, zein bestelako zerbitzuak eskaintzen.

Hain zuzen, azpimarratu dute astelehenero 09:00etatik 14:00ak arte euren psikologoa eta giza langilea Amurrioko Kultura Etxean daudela, behar dutenentzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide