“Euskara bonua ez da guk aldarrikatzen dugun doakotasuna, baina lehen urratsa bada”

Txabi Alvarado Bañares

AINTZANE PRADERA AEK-ko Arabako Koordinatzailea da, eta Amurrioko euskaltegian aritzen da. Aurtengo matrikulazio kanpainaren nondik norakoen inguruan mintzatu da.

Matrikulazio fasean murgilduta zaudete Euskaltegiak uneotan, eta aurtengo kanpainak badu nobedade garrantzitsu bat, ezta?

Bai. Eusko Jaurlaritzak “Euskara Bonua” izeneko ekimena jarri du martxan. Egitasmo horrek ahalbidetzen du A0 mailatik (hau da, hasieratik) B1 hasierara arte oso prezio baxuan ikasteko aukera.

Zerotik hasten diren pertsonek 120 euro ordainduko dituzte aurten, eta 2029-2030 ikasturtera arte 720 ordu ikasteko aukera izango dute, urtez urte mailaz igota, bonua agortu arte, lau urte igarotzean.

Hori ez da AEK-k historikoki eskatu duen doakotasuna, baina bada urrats bat, eta bestelako dirulaguntzak ere eskatu daitezke.

Ez, ez da guk nahiko genukeen doakotasuna. Doakotasuna bada ikasleek zero ordaindu behar izatea, dena egotea diruz lagunduta.

Baina egia da, lehenengo pausoa dela, eta inportantea iruditzen zaigu jendeak ezagutzea eta baliatzea. Izan ere, euskarara ez hurbiltzeko arrazoietako bat ekonomikoa izaten da askotan, eta iruditzen zaigu hori ezin dela arrazoi bat izan. 

Gure hizkuntza ikasteko ordaindu behar dugun bakarrenetakoak gara eta uste dugu doakotasunean urratsak ematen jarraitu behar dela. Baina egia da pozik gaude bonu honekin, neurri batean.

"Gure hizkuntza ikasteko ordaindu behar dugun bakarrenetakoak gara eta uste dugu doakotasunean urratsak ematen jarraitu behar dela"

Zein da AEKren presentzia eta eskaintza eskualdean?

AEK-k bi euskaltegi ditu, bata Laudion eta bestea Amurrion, baina gure presentzia ez da mugatzen bi herri horietara. Gela desplazatuak deitzen direnak ere baditugu: Urduñan, Artziniegan, urteetan ere eman dugu Okondon, beste herri batzuetan, pixka bat jendearen eskaeraren arabera. Guk eskaintzen ditugu maila guztiak A0tik C1era, ordutegiak goizez eta arratsaldez izaten dira. Noski, horiek ere egoten dira baldintzatuta jendearen eskaeraren arabera. 

Saiatzen gara ordutegi guztietan eskaintzen baina gero matrikulazioaren arabera talde batzuk ateratzen dira eta beste batzuk ez. Gutxieneko kopuru batzuk ditugu taldeak aurrera atera ahal izateko, herriaren arabera 7tik 9ra arte izan daitezke. Baina hori gutxienekoa da, hortik gorako taldeak behar ditugu, eta batzuetan hori ez da erraza izaten.

Autoikaskuntza ere dugu, online ikasteko aukera dago. Horrez gain, eta ikasitakoa praktikatzen jarraitzeko, baditugu Berbalagun taldeak eskualde osoan, eta hori ere aukera interesgarria izaten da, ikasteaz nekatu
direnak edo klasean praktikatu nahi dutenak euren inguru hurbiletik aldentzen den jendearekin elkartzeko, euskaraz aritzeko eta euskara euskaltegitik apur bat ateratzeko.

"Hizkuntza bat ez da soilik komunikatzeko tresna, bada baita mundua ulertzeko modu bat eta, egun daukagun mundua ulertzea zaila bada, hobe da guretik egitea"

Nola animatuko zenuke zalantzan dagoen jendea urratsa ematera?

Aurtengo matrikulazio kanpainan “eroso” hitza baliatu dugu, uste dugulako euskara gune eroso bat izan behar dela, eroso ikasi eta erabiltzeko. Gaur goizean pertsona bat etorri da gure euskaltegira, esanez beti esan duela jubilatzean euskara ikasiko duela, eta orain iritsi zaiola unea. Ez zaio beldurrik izan behar. Hizkuntza bat da eta, gainera, hizkuntza bat ez da soilik komunikatzeko tresna, bada baita mundua ulertzeko modu bat eta, egun daukagun mundua ulertzea zaila bada, hobe da guretik egitea. 

Interesgarria da baita ere hizkuntza ikastea belaunaldi berriekin euskaraz komunikatu ahal izateko. Horregatik, mundu guztia gonbidatzen dugu euskarara eta euskaltegietara hurbiltzera, gainera orain inoiz bainoa abantaila eta aukera gehiago daudelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide