Abiatzear dago Amurrio Antzokiko ikasturte berria. Asteburu honetan ekingo diote programazio kulturalari, bai eta asteroko zinema eskaintzari ere. Korrontzi eta Aiara Dantza Taldearen artean sortutako Mundua Dantzan ikuskizunak inauguratuko du denboraldia larunbat honetan, urriak 3. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta oraindik eskuragarri daude sarrerak, 12 eurotan.
Antzerkia ere ez da faltako antzokiaren urriko karteldegian. Igande honetan bertan, Errauskineren ipuin klasikoa musikal formatuan taularatuko du Tomasa Teatro konpainiak, "umorea, musika eta 3D efektu bisualak uztartzen dituen ikuskizuna". Urriaren 14, 24 eta 31n, aldiz, Aimara Antzerki Taldeak antolaturiko XV. Amateur Antzerki jardunaldiek hartuko dute tranpaldoa. Hiru dira aurtengo jaialdira ekarriko dituzten piezak: La Hostelera, La Risa eta La boda de la hija del presidente.
Zinema ere bueltan
Zinema eskaintzak ere ez du hutsik egingo abiatzear den denboraldi berrian. Orain arte bezala, igande eta astelehenetan izango dira saioak, 19:00etan. Christopher Nolan zuzendariaren La Odiseak emango dio hasiera filmen segidari asteburu honetan. Palestina 36, El ser querido edota La Bola Negra dira urrian ikusi ahalko diren beste pelikuletako batzuk. Lusi Vil zinemagileak gidatutako zineforuma ere egingo dute, urriaren 23an, eta Islandian kokatutako El Valle de Los Carneros filma izango dute eztabaidagai.
Programazioaren xehetasun guztiak biltzen dituen liburuxka banatuko du datozen egunetan Udalak. "Amurrio Antzokia herritar guztientzako gune irekia izaten jarraitzea nahi dugu, kulturaren inguruko topagunea, eta pertsona bakoitzak bere interesekoak diren eta gozarazten dioten proposamenak aurkitzeko aukera izan dezan”, adierazi du Naiara Barallobre Amurrioko Udaleko Kultura zinegotziak, eta nabarmendu du denboraldi berri honetan ere "diziplinen aniztasunaren aldeko apustua" egin dutela, "adin ezberdinetarako proposamenen alde eta urte osoan kulturara hurbiltzeko aukera emango digun programazio baten alde”.