San Anton Armuru nagusien egoitzan egindako hobekuntzak aurkeztu dituzte gaur, 1,3 milioi euroko obren ondoren

Aitor Aspuru Saez

Gaur eguerdian San Anton Armuru nagusien egoitzan aurten egindako obren inaugurazioa egin dute Aldundiko, Udaleko eta zentroko ordezkari zein erabiltzaleen eskutik.

Egun bizia izan dute gaur San Anton Armuru nagusien egoitzan. Izan ere, 11:30ean Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak, Cristina González lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko foru diputatuak, Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eta Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak bisita egin dute egikaritutako obren nondik norakoak ezagutzeko.

Zentroko zuzendariaren azalpenak izan dituzte gauzatutako hobekuntzak ikusteko eta komunetan, logeletan, eraiki den terraza berrian, egongelan, botikak gordetzeko gelan edota energiaren esparruan egindako esku-hartzeen lekuko izan dira.

1,3 milioi euro

Guztira, 1,3 milioi euroko inbertsioa egin dute eta Arabako Foru Aldundiak Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen finantzaketa izan du, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan

Proiektuak eraikineko beheko solairua eraldatu du bereziki, 300 metro koadro ingurutan handitu baitute. Horri esker, egongela-jangelak azalera nabarmen handiagoa du orain eta askoz argitsuagoa da. 

Gainera, aretoak berrantolatzeari esker, zenbait arreta zerbitzu lekualdatu ahal izan dituzte eremu horretara, hala nola ile apaindegia, podologia, errehabilitazioa eta farmazia. 

Gehien baloratuko duten berritasunetako bat da bisita gela berria. Sarrera nagusiaren ondoan dago. Espazio horrek ingurune erosoagoa eskaintzen du egoiliarren eta senideen arteko topaketetarako. 

Horrez gain, terraza berria sortu dute lehen solairuan, bertatik ibiltzeko modukoa. Esku hartzearen beste alderdi nabarmen bat irisgarritasuna hobetzea izan da, igogailu berria jarri baitute.

Energia eraginkortasunean ere hobekuntzak egin dituzte eta plaka fotovoltaikoen bidez kontsumitzen den elektrizitate erdia sortzen dute.

Hitzartze anitzak

Behin bisita amaituta eta Arloteek Txoriak txori abestu ostean, egongela betetzen zutenen aurrean -egoitzako erabiltzaileak, langileak, familiak...- hartu dute hitza.

Lehenengoa egoitzaren zuzendaria izan da eta jarraian Izaskun Bergara langilea, Amurrioko alkatea eta Ramiro Gonzalez Ahaldun nagusia hurbildu dira mikrofonora. Nola ez, guztiek izan dituzte esker hitzak erakundeentzat, egindako lanagatik eta erabiltzaile zein langileentzat, erakutsitako pazientziagatik.

Hitzartze bitxiena Juanjo Moraza erabiltzailearena izan da. Izan ere, bi ezusteko atsegin utzi dizkio inbertsioak. Alde batetik, egin zela, ez zuena argi gertatuko zenik, eta bestetik, iragarritako epeen barruan egin zutela. Zuzendariari eman dizkio eskerrak Morazak, lanen atzean egon baita etengabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide