Ikasturte berria indarberrituta abiatu dute Amurrioko Gazte Asanbladako kideek. Asteburu honetan bi deialdirekin ekingo diote datozen hilabeteetan luzatuko den programazioari.
Larunbatean, urriak 3, Euskal Herriko Pegatineroen XXIV. Topaketa hartuko dute Amurrioko Gaztetxean. Euskal Herriko pegatineroen Elkarteak urtero antolatzen duen hitzordua da honakoa; "Kutsu erreibindikatibo duten pegatinak bildumatzen dituzten euskal herritarren topagunea".
Goizeko 11:00etatik aurrera bilduma desberdinak ikusi eta pegatinak trukatzeko aukera izango dute Gaztetxera bertaratzen direnek.
Igandean, aldiz, Aspaltza mendira irteera antolatu dute Gazte Asanbladako kideek. Txangoa Gaztetxetik bertatik abiatuko dute, 9:30ean. Tontorretik jaisterakoan mokadua eskainiko dute San Jose auzoko gune autogestionatuan.
Ikasturte bizia
Hilabetero ekintza desberdinak antolatzeko asmoa adierazi du Amurrioko Gazte Asanbladak, "herriko gazteei aisialdi eskaintza alternatibo bat proposatzeko asmoz". Tailerrak, zinema, mendi-irteerak... orotariko jarduerak prestatuko dituztela iragarri dute.
Amurrioko Musikazale Elkartearekin elkarlanean kontzertuak ere antolatuko dituzte Gaztetxean, datorren urriaren 31n.