Jose Luis Lorente Rosado 'Joselu' omenduko dute urriaren 25ean, Andaluziatik heldutako euskalduna

Aitor Aspuru Saez

Joselu Amurrioko Olentzerorekin. / Amurrioko Ezker Abertzalea

Larraben plaka jarriko diote eta ekitaldi publikoa egingo dute bere ekarpena aitortzeko.

Jose Luis Lorente Rosado omenduko dute Txokogorri Elkarteak, Herriarenak kuadrillak eta bere lagunek. 'Joselu' Andaluziatik bertaratu zen Amurriora bere bizitza proiektua egitera eta hainbat herri ekimenetan parte hartu zuen. Hori dela eta, hiru igande barru, urriaren 25ean, bere ekarpena gogoratuko dute.

12:00etan Txokogorrin elkartzeko deia zabaldu dute, handik Larrabe auzunera jotzeko. Han bizi zen Joselu eta auzoko plazan egingo diote ekitaldia 12:30ean. Horrez gain, bera oroitzeko plaka jarri eta zuhaitza landatuko dute.

Amurrioko bizitzan oso aktiboa

Bere lagun eta militantzia kideek gogora ekarri dute Jimenatik (Cadiz) etorri zela Amurriora 18 urterekin lan bila, eta gero bere familia ekarri zuela. 

Lanbide anitzak izan zituen mendian, ehorztetxeko erreziboak etxez etxe kobratzen eta Colsan. Azken enpresa horretan hartu zuen erretiroa eta bertako LAB sindikatuko kidea izanz en ere. Hain zuzen ere Colsan ikasi zuen euskara eta bere ikaskidea enpresako jabea bera izan zen.

Herriarenak kuadrillaren kide izan zen, Olentzeroren kalejiran lagundu zuen eta sokatira taldean ere aritu zen.

Jatorriz kanpokoa izan arren, eta bere izaera andaluziarrari inoiz bizkarra eman gabe, arazorik gabe bilakatu zen amurrioar petoa, eta euskalduna. Sokatira taldean aritu zen, Herriarenak kuadrillan inplikatu zen lehen urteetako karrozen eraikuntzan eta Olentzeroren antolakuntzan ere egon zen.

Ezker Abertzaleko ezohiko kide preziatua

Eremu sozialean ez ezik, politikoan ere inplikazio handia izan zuen Joseluk, Ezker Abertzalean. Bere burkide eta lagunek azpimarratu dute Amurriora heldu eta bere burua politikoki kokatu zuela une oso zailetan: "Gizartea oso polarizatua zegoen eta gu gutxi ginen. Hala ere, horrek gure alde egin zuen eta etorkizuneko Amurrio hori nola eraiki behar zen ulertu eta gurekin lan egin zuen. Berarentzat askoz errazagoa izango litzatekeen beste jende batekin integratzea, errepresioa handia baitzen, baina ez zitzaion axola".

Berarekin militatu eta egunerokoa partekatu dutenek oso "zorionekoak" eta "pribilejiatutzat" jotzen dituzte euren buruak, gizon eskuzabala, bihotz handikoa, oso naturala, leiala, langilea eta alaia baitzen. Gainera, bere adiskideen iritziz, klitxe guztiak apurtu zituen.

Ezker Abertzalean Joselurekin militatu duten adiskideek pribilejiatutzat jotzen dituzte euren buruak, berarekin denbora partekatzeko aukera izan baitzuten.

Halaber, goraipatu dute inor ez zela bere bila joan: "Aurretik ez zuen militatu. Hala ere, 1981tik aurrera, bera hurbildu zen Ezker Abertzalera eta beti zegoen lan egiteko prest. Gutako bat zen, baina bere izaera eta azentu andaluziarrari uko egin gabe".

Ezker Abertzalearen enbaxadore

Joseluren beste ezaugarri garrantzitsua izan zen gaitasuna eta prestutasuna zuela edonorekin harremanetan egon eta hitz egiteko, bere auzoan bereziki, Larraben. Eta horrek Ezker Abertzaleko ordezkari bilakatu zuen mugimendua heltzen ez zen tokietan. 

Gainera, giza gaitasun natural horiekin ekarpen ikusezin handiak egin zituen. "Inork baino elkartasun loteria gehiago saltzen zuela presoen alde", aipatu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide