Neurri handiko Gorobel Ibilaldia XL. edizioa ospatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte

Gorobel mendilerroko gailur guztiak zeharkatuko ditu Gorobel Ibilaldiaren XL. edizioak. / Mendiko Lagunak

Gorobel Ibilaldiaren XL. edizioa ospatuko dute datorren azaroaren 1ean. Mendiko Lagunak Taldeak hiru ibilbide prestatu ditu eskualdeko natura-inguruneaz gozatzeko, horietako bat 60 kilometrokoa. Urriaren 16an itxiko dute izen-emate epea.

Neurri handienean dator Gorobel Ibilaldiaren aurtengo edizioa. Amurrioko Mendi Lagunak Taldeak antolaturiko martxak 40 edizioetako langa gaindituko du datorren azaroaren 1ean, eta edizio borobila ospatzeko ibilbide berezia prestatu dute.

XL tamainako martxa

Ohikoan bezala hiru ibilbide prestatu dituzte adin eta maila guztietako mendizaleak elkartzeko asmoz. Ibilbide nagusiak 60 kilometroko luzera izango du eta alderik alde zeharkatuko du Gorobel mendilerroa. Bidean mendilerroa osatzen duten gailur guztiak zapalduko dituzte, Txarlazotik Aro mendiraino. Hori gutxi ez eta mendizaleek birritan igo beharko dute mendilerroa; Urduñako portutik aurrena eta Bedarbideko bidetik gerora. Goizale aterpean atseden hartuta Senda Negra bidetik egin beharko dute itzulera bidea Amurriora, guztira 3.000 metroko desnibel positiboa pilatuz.

Bestelako neurrien bila dauden mendizaleek ere izango dute nola gozatu azaroaren 1eko hitzorduan. Ibilbide ertainak 27 kilometroko zirkuitua osatuko du, Amurriotik Tologorrira eta buelta. Azkenik Ibilbide txikiak Babio mendira igoko ditu mendizaleak.

Izen ematea urriaren 16ra arte

Dagoeneko zabalik dago XL. Gorobel Ibilaldian izena emateko epea. Urriaren 16an egongo da hori egiteko aukera, Internet bidez. Izen ematearekin batera kamiseta teknikoa emango dute oroigarri gisa. Mendiko Lagunak Taldetik jakinarazi dutenez, honezkero 700 lagun baino gehiagok eman dute izena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide