Tubos Reunidoseko sindikatuak gaur hasi dira komunikatzen administrari konkurtsalak emandako informazioa. Izan ere, salmenta prozesua bideratzen duen enpresak azaldu die zein bost eskaintza hautatu dituen erosketarako.
Berez, horietako hiruk proposatu dute Amurrio eta Trapagarango azpiegiturak eskuratzea eta beste bik soilik Meatzaldeko lantegia erostea.
Eskaintza ekonomiko potenteenak, dena den, Trapagaranen zentratu dira (27,5 milioi eurokoa bat, milioi batekoa beste bat) eta Amurrioko azpiegitura barne hartzen dutenak sinbolikoak dira (euro batekoa eta 100.000 eur0).
Halaber, interesdun guztiek adierazi dute lan baldintzak aldatzeko eta langile kopurua murrizteko asmoa dutela (xehetasun gehiago erantsi gabe) eta ez dutela finantzazio interinoa emango erosketa prozesuak iraun bitartean.
Edonola ere, konkurtsoak aurrera egingo du eta baldintza horiek alda daitezke. Urriaren 21ean batuko dira sindikatuak eta administrari konkurtsalak.
ESKren irakurketa: "Negoziazio jokoa"
Sindikatu gehienek ez dute egoeraren irakurketa egin eta nahiago izan dute datuak partekatzea bere kideekin iritzi handirik eman gabe. Hala ere, ESK-k zenbait zertzelada utzi ditu.
Izan ere, langile antolakundearen iritziz, euro bateko eskaintzek ez dute esan nahi erosleek euro bateko inbertsioa egiteko asmoa dutenik. ESKren aburuz, ez litzateke serioa horrelako eskaintzek aurrera egin izana, eta adierazi dute negoziazio prozesu baten aurrean dagoela enpresa eta hurrengo urratsetan azaleratuko dela benetan zenbat diru inbertitzeko prest dauden balizko interesdunek. Hau da, erreparatu beharko zaiola zenbateko finantzazio bideratzeko prest eta zenbat konpromiso hartzeko prestutatasuna duten.
Halaber, sindikatuak erantsi du Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak prozesua baldintzatzeko gaitasuna dutela, ondorioz, partida hasi baino dela egin.
Enpleguaren esparruan, nabarmendu dute eskaintza batek edozein murrizketa beste aldagaietara lotu duela, hortaz, ez dela zuzena erosle guztiek kaleratzeak egin nahi dituztenik.