Aimara antzerki taldeak Antzerki Amateurreko XV. jardunaldiekin jarraituko du asteburu honetan Amurrio Antzokian

Garazi Cuadra Alvarez

Aimara antzerki taldeak antolatzen du antzerki amateur jardunaldia. / Aiaraldea.eus

Umorea ardatz hartuta, Basauriko Compañia 7 Grados Taldeak eta Getxoko Intxartu Antzerki Taldeak euren azken lanak aurkeztuko dituzte urriaren 24ean eta 31n, 20:00tan sei euroko sarrerarekin. 

Amurrioko Aimara antzerki taldeak Antzerki Amateurreko XV. jardunaldia antolatu du aurten, eta umorea izango da edizio honetako ardatz nagusia. Egitarauak bi hitzordu izango ditu Amurrio Antzokian: urriaren 24an, Basauriko 7 Grados taldearen La Risa emanaldia izango da, eta urriaren 31n Getxoko Intxartu antzerki taldearena. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerek sei euro balioko dute.

Lehenengo hitzorduan, urriaren 24an, Basauriko 7 Grados taldeak hartuko du Amurrio Antzokiko agertokia. Itziar Lazkanok zuzendutako eta Felipe Lozak idatzitako lana aurkeztuko dute. 

Egitarauak bi hitzordu izango ditu Amurrio Antzokian: urriaren 24an, Basauriko  Compañia 7 Grados taldeaen emanaldia eta Getxoko Intxartu antzerki-taldearena.

La risa bost aktore protagonista dituen antzezlanak, komedia, erritmoa, abestiak eta zuzeneko musika uztartzen ditu, ikusleen artean barre-algara kolektiboa sortzeko helburuarekin. Guztira, hamalau istorio labur biltzen ditu, barregarri geratzeko beldurrari aurre egiten dioten eta eguneroko zentzugabekerien artean duintasuna bilatzen dutenak. Haien bizitzaz barre egitean, gure buruaz barre egitea bilatzen dute ere, pertsona orok bizi dituen egoerak azaltzen direlako. 

Bigarren emanaldia urriaren 31n izango da, Getxoko Itxartu antzerki taldearen eskutik. Ivan Iparragirrek zuzendutako eta egokitutako La boda de la hija del presidente antzezlana taularatuko dute, Juan Mayorga eta Juan Cavestany idazleek sortutako Alejandro y Ana: lo que España no pudo ver del banquete de la boda de la hija del presidente obran oinarritua. 

Umorea eta satira erabiliz, botere politikoaren zirrikituak azaleratzen ditu lanak. Gobernuko presidentearen alabaren ezkontzarako prestaketak abiapuntu hartuta, ekitaldi pribatu bat estatuaren funtzionamenduaren metafora bihurtzen du. Ezkongaiek zuzenean izendatu gabeko pertsonaia politikoen galeria batekin jarduten dute. Testuak ironiaz desmuntatzen du boterearen irudi publikoa, bere alderik zentzugabeena, autoritarioena eta surrealistena azaleratuz.

25 urte baino gehiagoko ibilbidea

Amurrion sortutako Aimara antzerki taldeak 1996tik dihardu eszenatokietan, eta 25 urte baino gehiagoko ibilbidean 32 lan baino gehiago aurkeztu ditu. Taldearen jatorria emakumez osatutako Aurreraka Taldean dago, 1999an, ordea, bide independentea hartu zuen, eta antzerki-talde misto bihurtu zen.

Hainbat lan taularatu dituzte azken urteotan, eta horietako batzuek kritikarien aitortza eta sariak jaso dituzte antzerki amateurraren lehiaketetan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, No hay ladrón que por bien no venga, La revolución, El enfermo Imaginario eta El Público de Lorca. Horrez gain, antzerki laburreko lanak eta sorkuntza propioko proiektuak ere lantzen dituzte. 

Aimarak antolatutako XV. Antzerki Amateurreko Jardunaldiek, beraz, umorearen bidez antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko dute beste behin Amurrion. Bi emanaldietarako sarrerak sei euroan daude salgai Amurrio Antzokiaren webgunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide