JON BARRENENGOA (AMURRIO GAUR)

“Batzuetan ez naiz eroso sentitzen egiten dudan lanarekin”

Garazi Cuadra Alvarez

Jon Barrenengoa da Amurrio Gaur Instagram kontuaren sortzailea. / Garazi Cuadra

Amurrio Gaur Instagram kontua 2023an jarri zuen martxan JON BARRENENGOA bizilagunak. Gaur egun bere profilak 4.453 jarraitzaile ditu, eta herriko egunerokoaren, ekitaldien eta txokoen berri ematen du argazkien eta erreportajeen bidez.

Influencer gisa definituko zenuke zure burua?

Ez. Sare sozialetan hasi nintzenean, mundu hau ez zela niretzat pentsatu nuen. Pertsona lotsatia naiz, eta batzuetan ez naiz eroso sentitzen egiten dudan lanarekin, lekuz kanpo sentitu naizelako hainbat egoeratan. Egia da, batez ere hasieran, banuela sentimendu hori. Orain, ordea, erosoago nago; baina, hala ere, askotan galdetzen nion neure buruari: “Zer egiten dut nik hemen?”.

Argazkiak ateratzean ondo sentitzen naiz, baina martxa batera edo jende asko biltzen den ekitaldi batera joaten naizenean, batzuetan lekuz kanpo sentitzen dut nire burua.

Gainera, jendeari gehien gustatzen zaizkion argazkiak pertsonak agertzen direnak dira. Aldiz, arrakasta gutxien duten edukiak dira gehien identifikatzen nautenak: naturaren eta inguruko paisaien argazkiak eta bideo-muntaketak.

Askotan galdetzen diot nire buruari: “Zer egiten dut nik hemen?”.

Nola sortu zen Amurrio Gaur? Zein izan zen proiektuaren abiapuntua?

Osasun-arazo bat izan nuen, eta ordura arte egiten nituen gauza asko alde batera utzi behar izan nituen, kirola, esaterako. Horren ondorioz, Laguntza elkartean boluntario gisa hasi nintzen. Elkartea Amurrion zegoen, baina ni sartu eta urtebetera itxi zuten.

"Laguntza elkartea itxiko zela argi ikusi nuenean, profila bizirik mantentzeko beste eduki mota bat argitaratzen hasi nintzen"

Elkartean nengoela, Instagram kontu bat sortu nuen haren jarduerak zabaltzeko. Oso azkar hazi zen, eta 3.000 jarraitzaile inguru izatera iritsi zen. Garai hartan, Laguntza elkartea nahiko ezezaguna zen, eta kontuak aukera eman zuen egiten zuen lana ikusarazteko.

Elkartea elikagai-bankua­rekin elkarlanean aritzen zen, eta arropa-bilketak ere antolatzen genituen, gaur egun babes zibila dagoen lekuan. 

Elkartea itxiko zela argi ikusi nuenean, profila bizirik mantentzeko beste eduki mota bat argitaratzen hasi nintzen, batez ere paisaien argazkiak. Eduki-aldaketa horrek harrera ona izan zuen, bereziki Amurriokoa izanik kanpoan bizi zen jendearen artean, herrian gertatzen zenaren berri izateko balio baitzien.

Hala ere, elkartea itxi zenean, kontua ere itxiko nuela iragarri nuen. Orduan, jarraitzaile askok idatzi ninduten, esanez ezin nuela profila itxi, argazki onak egiten nituelako. Horrek beste norabide bat hartzera bultzatu ninduen: izena aldatu eta Amurrio Gaur sortzea erabaki nuen.

Informatikan trebea naiz. Mantentze-lanetan aritu nintzen, eta erretiroa hartu aurreko azken urteak ordenagailu baten aurrean eman nituen. Beraz, sare sozialen funtzionamendua ez da oztopo izan niretzat.

Izenari dagokionez, ez dut gogoratzen zehazki nola bururatu zitzaidan. Ez nuen izen konplexurik nahi, eta argi neukan Amurrio hitza agertu behar zela. Hortik aurrera, beste profil batzuk ez kopiatzen saiatu nintzen.

Herrian ekitaldi asko izaten dira. Nola antolatzen duzu zure lana? Egutegirik edo programaziorik erabiltzen duzu?

Ez daukat programazio zehatzik, baina asko paseatzen dut. Egunean zehar antolatzen diren ekitaldiak jarraitzen saiatzen naiz. Ez naiz gehiegi estutzen, baina ahalegintzen naiz ahalik eta gehienetara joaten.

Batzuetan, paseatzera atera aurretik erabakitzen dut argazkirik ez ateratzea, baina azkenean beti amaitzen dut argazkiak egiten. Nire buruari galdetzen diot: Nola ez diot argazki bat aterako?.

Herriko eta inguruko leku askotan ibiltzen naiz. Egia esan, errepertorioa agortu zait: inguruko mendi guztietatik ibili naiz, Olabezarren, Saratxon, Aldaman… Atzo, esaterako, Goikomendin egon nintzen.

Nolakoak dira zure jarraitzaileak? Harreman zuzena duzu haiekin? Kritikak edo gorroto-mezuak jaso izan dituzu?

Ez dut gorroto-mezurik jasotzen, nire iritzia ematen ez dudalako, beharbada. Argazkiak argitaratzera mugatzen naiz, eta noizean behin erreportajeren bat egiten dut, datuetan oinarrituta.

Batzuetan, herrian gaizki dagoen zerbaiten berri ere ematen dut, baina ez dut inoren aurka zuzenean jotzen. Egoera aipatu besterik ez dut egiten, eta horren ardura duenak jakingo du zer egin behar duen.

Bestalde, ohartu naiz jarraitzaile gehienak pasiboak direla, edukiak ikusten dituzte, baina ez dute elkarreragiten edo iruzkinik egiten, gutxi dira parte hartzen dutenak. Hala ere, “Non dago?” atalean badago parte-hartzea. Atal horretan, Amurrioko txokoen argazkiak argitaratzen ditut, eta jarraitzaileek zein lekutan dauden asmatu behar dute. Azkenaldian, gazte gehiago parte hartzen ari direla nabaritu dut, joko horri esker.

“Jarraitzaile gehienak pasiboak dira, edukiak ikusten dituzte, baina ez dute elkarreragiten edo iruzkinik egiten”

Amurrioko jendeak badaki nor dagoen Amurrio Gaur kontuaren atzean? Nola bizi duzu ikusgarritasun hori?

Ekitaldietara joaten naizenean, jendeak argazkiak ateratzen ikusten nau; beraz, suposatzen dut badakitela nor naizen. Esango nuke gero eta jende gehiagok ezagutzen nauela.

Hasieran, inork ez zekien nor nintzen, baina ez naiz inoiz ezkutatu. Nire kontuan ni ez naiz garrantzitsua; Amurrioko gauzek dute garrantzia. Hala ere, ez zait axola jendeak kontuaren atzean ni nagoela jakitea.

“Nire kontuan ni ez naiz garrantzitsua; Amurrioko gauzek dute garrantzia”

Herriko ondareari eta ohiturei buruzko edukia ere argitaratzen duzu. Nola berreskuratu zenuen Amurrioko Errege Magoen kabalgatako tronpeta-doinuaren historia?

Hamaika urte nituela, Amurrioko Udal Musika Bandan tronpeta jotzen nuen. Hamalau urterekin, Aretako Iñaki Mendieta apaiza etorri zen Pepin Laña Amurrioko Musika Bandako zuzendari ohia bisitatzera. Mendietak, Errege Magoen kabalgatan tronpeta jotzeko bi musikari behar zituen, eta Rafa Diez eta biok joan ginen. Han, Pepin Lañak erakutsi zigun doinua, eta ordutik urtero jo izan da Amurrioko kabalgatan.

Duela gutxi, doinuaren jatorria ikertzen hasi nintzen, ez baitzegoen argi nork sortu zuen. Pepin Lañari galdetu nion eta dirudienez, Balbino de la Torrek edo haren seme Arcadiok idatzi zuten. 

Aurkikuntzari ez zitzaion garrantzi handirik eskaini, baina niri garrantzitsua iruditzen zait, doinua Amurriokoa baino ez delako. Gainera, ez zegoen haren partiturarik idatzita, eta melodia ahozko transmisioaren bidez iritsi da gaur egunera. Musikaren arloan dudan prestakuntzari esker, pieza partiturara ekartzea lortu nuen, etorkizunean ere gorde eta jo ahal izateko. 

Arcadioren beste konposizio bat ere badago Amurriori lotua: Al amanecer por Santa Cecilia en Amurrio izeneko diana bat, hau da, goizeko prozesioetan jo ohi den musika-pieza bat. Garai batean, Tabarra fanfarrearen errepertorioaren parte izan zen. Taldea desegin ondoren, ordea, pieza jotzeari utzi zioten, eta gaur egun nekez entzungo da berriro.

Beste erreportajeren bat nabarmenduko zenuke? Zein izan da zuretzat esanguratsuena?

Argitaratu dudan lanik aipagarriena eta, gainera, argitaratu nuen lehen erreportajea, Olentzerori buruzkoa izan da. Manolo Plazak 39 urtez bete zuen Olentzeroren rola, nahiz eta, guztira, 42 urtez aritu zen Olentzero gisa,  bi urtez Aretan eta behin Arakaldo aldean egon baitzen.

Manolo baino lehen Floren Aldama izan zen Olentzero, eta horrek jakin-mina piztu zidan. Ikerketa egiten hasi nintzen, eta ondoriotzatu nuen Florenek zortzi urtez bete zuela eginkizun hori.

Amurrioko gaurkotasunaz gain, txirrindularitzarekin lotutako iragana ere baduzu. Nolakoa izan zen zure ibilbidea bizikletaren munduan?

1975etik 1982ra aritu nintzen txirrindularitzan. Hasieran, jubenil mailan lehiatu nintzen, eta garai hartan lortu nituen emaitzarik onenak, Amurrioko Licor Karpy taldean.

Gero, afizionatu mailara igaro nintzen, eta Brasileña taldera joan nintzen, Gasteizko talde on batera. Baina belauneko arazoak izan nituen, eta txirrindularitza utzi behar izan nuen.

Sare sozialetan beste profil batzuk jarraitzen dituzu? Zer motatako profilak interesatzen zaizkizu?

Denbora nahikoa ematen dut sare sozialetan, batez ere edukiak argitaratzen eta prestatzen. Horregatik, besteen bizitzak ikusteko denbora gutxi eskaintzen diet sareei.

Nire profilarekin elkarreragiten duen jendea jarraitzeko ohitura dut. Normalean, Amurrio Gaur bezalako kontuak izaten dira, argazkigintza ardatz dutenak.

Gainera, Ezina Ekinez Egina plataformaz ere arduratzen naiz, aniztasun funtzionala duten pertsonei Aiaraldeko mendiko jardueretan parte hartzen laguntzen dien elkartea. Beste pertsona batzuk ere daude profilean, baina eduki gehiena nik argitaratzen dut.

Instagram erabiltzen dut batez ere argitalpenak egiteko, baina hasieran Facebook baino ez nuen erabiltzen, ez nuelako beste sare sozialik ezagutzen eta erosoago sentitzen nintzelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide