Kultur sorkuntza Aiaraldean

Sandra Castaño amurrioarrak “Alas” argitaratu du, bere lehen album ilustratua

Garazi Cuadra Alvarez

Sandra Castañoren lehen album ilustratua da "Alas". / Aiaraldea.eus

5 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako lanak umorea eta ikaskuntza uztartzen ditu, baserriko pertsonaien eta animalien abenturen bidez.

Sandra Castaño 25 urteko ilustratzaile amurrioarrak Alas argitaratu du, bere lehen album ilustratua, Thule Ediciones argitaletxearen eskutik. 5 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako lana da, eta umorea eta ikaskuntza uztartzen ditu. Istorioan hegoak hazten zaizkie baserriko hainbat pertsonaiari eta animaliri, baita traktoreari ere. Hortik abiatuta, hegoak izateak ekar ditzakeen ondorioak eta egoera bitxiak erakusten ditu Castañok.

Sortzaile gazteak Leioan ikasi zuen Haur Hezkuntzako Gradua, eta album ilustratuen inguruan egin zuen gradu amaierako lana. Lan horren bidez, formatu horrekiko interesa piztu zitzaion eta, ondoren, Bartzelonan album ilustratuei buruzko ikastaro bat egin zuen. Gaur egun, ilustratzaile gisa egiten du lan, batez ere album ilustratuak eta haurrentzako ilustrazioak sortzen.

Alas sortzeko ideia unibertsitateko ikasgelan bertan sortu zitzaion, irakasleak album ilustratu bat egiteko eskatu zuenean. Hasieran, marrazketa tradizionalarekin esperimentatu zuen, baina, ondoren, teknika digitalak probatzen hasi zen. Pixkanaka, lanak forma hartu zuen, eta proiektua garatzen jarraitu zuen, kolore-proba ezberdinak eginez eta istorioaren testua idatziz.

Sorkuntza-prozesuan, umoreak garrantzi handia izan du Castañorentzat. Izan ere, umorea erabiltzen saiatu da istorioaren erritmoari laguntzeko eta irakurleen arreta erakartzeko.

“Publikoaren feedback-a jasotzeak urduri jartzen nau; ez dakit zer-nolako harrera izango duen lanak”

Ikasgelatik argitaletxera

Proiektua urtarrilean hasi zuen, eta irakaslearen laguntza izan du prozesu osoan zehar.: “Irakaslearen laguntzari esker atera dut aurrera proiektua”, azaldu du ilustratzaileak. Lehen zirriborroa amaitutakoan, maketa bere kabuz eta eskuz egin zuen. Ondoren, argitaletxeei aurkeztu zien lana, eta Thule Edicionesesk egin zuen proiektuaren aldeko apustua.

Bidean, hainbat aldaketa egin behar izan ditu, bereziki testuari eta istorioaren erritmoari lotutakoak. Hala ere, sorkuntza-prozesua amaituta eta liburua argitaratuta, beste erronka bati egin behar dio aurre orain: irakurleen erantzunari. “Publikoaren feedback-a jasotzeak urduri jartzen nau; ez dakit zer-nolako harrera izango duen lanak”, aitortu du Castañok. Argitalpenaren ondorengo unea jotzen du prozesuko zailenetakotzat, irakurleen iritzia ezagutzeko zain baitago.

Etorkizunari begira, album ilustratu gehiago

“Beste proiektu batzuk ditut esku artean”, azaldu du Castañok. Hainbat album ilustratu ditu garatzeko eta argitaratzeko, eta argitaletxeen erantzunen zain dago. Hala ere, argitalpen-prozesuak motelak izan daitezkeela ohartarazi du.

Bitartean, 2027rako egutegi antolatua prestatzen ari da, eta Alas liburuaren salmenta sustatzea ere aurreikusi du. Epe luzerako helburua argi dauka: “Nire helburua album ilustratuetatik bizitzea da”. 

“Nire helburua album ilustratuetatik bizitzea da” 

Haur Hezkuntzako ikasketek ere eragina dute bere lanean. Irakasle gisa, album ilustratuek hezkuntzan duten garrantzia azpimarratu du, bai ikasgelan, bai ikasgelatik kanpo. Bere ustez, mota horretako liburuak, ondo pasatzeko tresna izateaz gain, ikaskuntza sustatzeko baliabide baliotsuak dira ere.

Horregatik, Alas liburua, dibertigarria izateaz gain, ikasteko tresna egokia dela nabarmendu du. Mota horretako argitalpenen mundua ezagutzera animatzen ditu irakurleak: “Aberasgarriak diren elementu asko gordetzen ditu album ilustratu batek”.

Castañoren lanen berri izateko, haren Instagram kontua bisita daiteke: @sandrinkula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide