Garai ezberdinetako 60 Porschek zeharkatu dituzte Aiaraldeko errepideak

Garazi Cuadra Alvarez

Porsche topaketa Kexaaldeko Arcos de Quejana hotelean.

Drive&Rhythm topaketaren lehen edizioak Alemaniako markaren zaleak bildu ditu, Urkiola, Arratia eta Aiaraldea zeharkatu dituen ibilbidean.

Hainbat garai eta modelotako 60 Porschek Bizkaiko eta Arabako errepideak zeharkatu zituzten urriaren 24an, larunbatean, Drive&Rhythm topaketaren lehen edizioan. Ekimenak Alemaniako markaren jabeak eta zaleak bildu zituen, automobilgintza, musika eta elkartasuna uztartzeko asmoz.

Drive&Rhythm automobilen zaletasunatik abiatu zuten, autoen inguruan hainbat jarduera antolatzeko eta zaletasun bera duten pertsonak elkartzeko ekimen gisa. 

Topaketak 60 Porsche batu zituen, hainbat modelo era garaikoak. 

Lehen topaketa horretan, hainbat modelo eta garaitako ibilgailuak biltzea ez ezik, parte-hartzaileen artean esperientziak eta interesak partekatzea ere izan da helburu nagusia.

Aiaraldeko antolatzailearen arabera, Porsche markak lotura berezia sortzen du haren zaleen artean: “Porsche ez da beste marka batzuk bezalakoa. Porschea maite dutenek autoak maite dituzte, haien diseinua, historia eta abar. Horregatik, komunitate horretan gaian oso adituak diren pertsonak daude, benetako frikiak”.

"Komunitate horretan gaian oso adituak diren pertsonak daude, benetako frikiak"

Topaketa Berrizko MEGA instalazioetan hasi zen, ongi etorri gosari batekin. Ondoren, parte-hartzaileek ibilbideari ekin zioten, hainbat leku esanguratsu zeharkatuz, tartean Urkiola eta Arratia. Horrela, autoen inguruko zaletasuna partekatzeko aukera izateaz gain, Bizkaiko eta Arabako paisaiak eta errepideak ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.

Ibilbidearen helmuga Kexaako Arcos de Quejana hotela izan zen, eta bertan egin ziren eguneko jarduera nagusiak. Bazkariaz gain, parte-hartzaileek kopa bat hartzeko, zuzeneko musika entzuteko eta DJ saioaz gozatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, hainbat zozketa ere egin zituzten, topaketaren jai-giroa osatzeko.

Horrela, automobilgintza eta paisaia uztartzeaz gain, topaketak giro atseginean elkartzeko eta zaletasun bera partekatzen duten pertsonen arteko harremanak sendotzeko balio izan zuen.

Automobilgintza eta elkartasuna

Aisialdiaz eta automobilgintzaz harago, Drive&Rhythm topaketak helburu solidarioa ere izan zuen. Ekimenaren bidez lortutako irabaziak La Sonrisa de Nahia elkartera bideratu ziren, haurren minbiziaren ikerketa sustatzeko eta tratamenduak hobetzen laguntzeko.

Bide batez, Porsche Bilbao eta MEGA izan ziren topaketaren babesle.

Lehen edizioaren balorazioa "oso positiboa" izan da. Antolatzaileak bereziki nabarmendu du Euskal Herritik kanpo etorritako lagunei bertako errepideak eta paisaiak erakusteko aukera: "Plazera izan da bisitariei ingurua ezagutaraztea".

Drive&Rhythm ekimenaren lehen edizioak, beraz, automobilgintzarekiko zaletasuna elkartasunarekin uztartzeko balio izan du. Autoak, musika eta gizarte-konpromisoa ardatz dituen proposamenak lehen urratsa egin du horrela, etorkizunean jarraipena izan dezakeen topaketa baten abiapuntu gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide