Atzo aurreratu zuten Tubos Reunidoseko sindikatuek Green Industry Machines & Materials konpainiak eurekin bilera egiteko asmoa zuela eta gaur iturri sindikalek adierazi dute astebete barru izango dela zita, urriaren 5ean.
Berez, inbertsio funtseko kideak Langraitz Oka, Trapagaran eta Amurrioko lantegietako sindikatuekin egongo dira, baina banaka. Amurrioko komitearekin Bilbon izango da hitzordua.
Momentuz, multinazionala erosteko interesdunetatik hau izan da langile ordezkariekin batzeko interesa azaldu duen bakarra.
Cap Capital inbertsio funtsaren barruan dago Green Industry Machines & Materials, iturri sindikalek eurek aipatu dutenez. Funtsak Europako industria indartzera bideratzen du bere jarduera eta horretarako gainbeheran dauden proiektu ekonomikoak erosten ditu ahalik eta gehien zukutzeko eta bultzatzeko. Energian, telekomunikazioetan, azpiegituretan, adimen artifizialean, aeronautikan eta armagintzan zentratzen ditu bere operazioak.