EH Bilduk salatu du Amurrioko Udalaren egoera finantzarioa ez dela jasangarria eta 600.000 euroko inbertsioak gelditu behar izan dituztela

Erredakzioa

EH Bilduko zinegotziak, artxibo irudi batean. 

Oposizioko taldeak azaldu du eguneko zentro berria, frontoiaren proiektua idaztea, padel pistak hobetzea edo haurreskoletako plazak sortzea atzeratu direla finantza egoeraren ondorioz.

Amurrioko EH Bilduk oharra zabaldu du salatzeko Udalaren egoera ez dela jasangarria ekonomikoki "aurrekontuak 2 milioi baino gehiagoko defizita duelako eta gastua diru-sarrerak baino askoz handiagoa delako".

Koalizioak azaldu duenez, horrek eragina izan du egitasmo garrantzitsutan: "Kontu publikoak fiskalizatzen dituen sailak ia 600.000 euroko inbertsioak eta proiektuak geldiarazi ditu azken hilabetean, kreditua eskura ez izateagatik. Erabaki horren ondorioz, hainbat proiektu gelditu dira, hala nola eguneko zentro berria, frontoiaren proiektua idaztea, padel pistak hobetzea edo haurreskoletako plazak sortzea".

Gauzak hala, errealitatea ez onartzea leporatu die oposizioko taldeak EAJ zein PSE-EEri.

"Udal kontuek iraganean aurreztutako dirua badute ere, urteko gastuak soberan gainditzen ditu diru-sarrerak. Eta denok dakigu zer gertatzen den erabaki horiekin. Badakigu, halaber, Udala egoera arinduko duten aparteko diru-sarreren zain dagoela, baina ez dakigu noiz iritsiko diren. Hori da Amurrioko kontuen egungo egoera: egunean bizi da eta ezin da planifikatu kreditu faltagatik. Premiazkoa da egoera hori konponduko duten egiturazko neurriak hartzea ", aipatu du Jon Berganza EH Bilduko bozeramaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide