Amurrioko EAJk prentsa oharra zabaldu du eskatzeko SEPIri Tubos Reunidoseko 150 milioi euroko zorraren kobrantzari uko egitea, enpresaren unitate produktiboak erosi nahi dituztenen artean gutxienez.
Izan ere, jeltzaleen beldurra da ez dela egongo azken eskaintzarik erakunde publikoak ez badu erabaki hori hartzen.
EAJk azaldu du Konkurtso Legearen Testu Bateginaren 224. artikuluak, salbuespen jakin batzuekin, ezartzen duela unitate horiek eskuratzen dituztenek ez dituztela beren gain hartu behar sozietate konkurtsopekoaren aurreko zorrak, eta araua jarraitzea aldarrikatu du.
"Hautatutako bost eskaintzaileek ez dute eskatzen SEPIren zorra barkatzea, baizik eta zorra ez lekualdatzea eskura ditzaketen ekoizpen-unitateetara. Konkurtso-administrazioak partekatzen duen jarrera. SEPIk, ordea, eutsi egin dio erosleek kreditua beren gain hartzeko asmoari", adierazi du alderdiak.
Berez, eskualdean 1.000 lanpostu inguru desagertu daitezke Amurrioko lantegia itxiz gero eta EAJk azpimarratu du hori ekidin behar dela.
Mahai teknikoa
Talde politikoak uste du premiazko hautua dela hartu beharrekoa eta ahalik eta lasterren heltzeko exijitu dio SEPIri: "SEPIk erabakitzeko gaitasuna duten solaskideak izendatzea eta berehala konkurtso-administrazioarekin eta balizko erosleekin mahai tekniko bat eratzea
eskatzen du, eskaintza lotesleak aurkezteko epea amaitu baino lehen".
Zuzendaritzaren ardura
Amurrioko EAJren aburuz, konkurtsoaren helburuak izan behar du Amurrio, Langraitz eta Tragarango lantegien jarraipena bermatzea, egoeraren erantzulea zuzendaritza baita, eta ez beharginak: "Konpainiaren zuzendaritzak ere erantzukizun zuzena du metatutako narriadura ekonomikoan, 300 milioi euro inguruko zorrarekin, bere plan estrategikoaren helburuak ez betetzearekin eta 2026ko lehen seihilekoan hirukoiztu egin ziren galerekin".