Atzo konturatu ziren sindikatuak Tubos Reunidos Group, S.L.U. eta Tubos Reunidos Premium Threads likidazio prozesuan sartu direla. Izan ere, Ana Blanca Ribot Costilla epaileak ediktua egin du hori erabakitzeko.
Gauzak horrela, zuzendaritza alboratu du epaileak eta administrari konkurtsalak -PKF Attest- izango du konpainiaren ardura. Langile erakundeek eurek jakinarazi diete beharginei horren berri ez diela eman administrariak berak, baizik eta dokumentazioa aztertzen jabetu direla.
Epaileak zuzendaritzaren eskumenak administraria eman dizkio, baina salmenta prozesua ez da aldatuko funtsean
Edonola ere, antolakundeek lasaitasun mezua zabaldu dute, urratsak ez baitu esan nahi lantegiak itxiko dituztenik.
LABek azaldu du epailea behartuta egon dela hori egitera, zuzendaritzak ez duelako hitzarmen proposamena legezko epe barruan egin eta, ondorioz, ofizioz jardutera bultzatu du Ana Blanca Ribor Costilla.
Aldaketarik ez salmenta kronograman
Erabaki garrantzitsua izanik ere, sindikatuek azpimarratu dute prozedura ez dela aldatuko eta dauden bost interesdunekin negoziatu beharra dagoela lantegien etorkizun industriala.
Errepikatu dute langile erakunde ororen asmoa dela unitateen zatikako salmenta ekiditea, lanpostuen jarraipena bermatzeko.
Halaber, epailearen esku geratu da argitzea enpresaren egungo egoera latza kudeatzaileen errua izan den edo zorizkoa.
Albiste atsegina ez bada ere, gogoratu beharra dago Oier Bidaurratzagak azaldu duela aste honetan bertan Amurrion ez dutela eskarien falta.