Podemosek hauteskunde ekitaldia egin du gaur Aiaraldean, Tubos Reunidos enpresaren aurrean. Izan ere, Garbiñe Ruiz Espainiako Kongresuko zerrendaburuak azaldu du, bere ustez, "kudeaketa pribatu eta publiko txarraren" eredu dela konpainia.
Hain zuzen, Ruizek azpimarratu du diru publikoak ezin dituela galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu. Horren ordez, defendatu du dirulaguntzak eta maileguek enplegua, industria-jarduera eta lan-baldintza duinak bermatzera bideratu behar direla.
“Industria bai, baina enplegu duina, soldata bidezkoak eta gure gazteek hemen bizitzeko eta beren etorkizuna eraikitzeko aukera izan dezaten. Aiaraldeak askoz gehiago merezi du. Industria, lana eta etorkizuna behar ditugu”, adierazi du.
Gauzak horrela, eta ziurtatuta egungo industria politikak huts egin duela, Ruizek aipatu du Podemosen jarrera zein den: “Politika industrial publiko baten aldekoa da: sektore estrategikoak babestuko dituena, gure ekoizpen-gaitasuna arriskuan dagoenean esku hartzea ahalbidetuko duena eta industria jasangarri eta etorkizunekoaren alde egingo duena”.
Ruizek azpimarratu du diru publikoak ezin dituela galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu. Horren ordez, defendatu du dirulaguntzak eta maileguek enplegua, industria-jarduera eta lan-baldintza duinak bermatzera bideratu behar direla.
Hauteskunde Batzordearekin arazoak
Leticia Jimenez amurrioarrak ere parte hartu du agerraldian eta Aiaraldea Komunikabideari azaldu dizkio alderdiak dituen zailtasunak bere mezua zabaltzeko. Izan ere, Hauteskunde Batzordeak erabaki du Podemosek ez duela tokirik izango hauteskunde eztabaidetan eta bere presentzia oso murritza izango dela informazio saio publikoetan.
"Podemos eta Sumar batera joan ziren aurreko hauteskundeetan eta orain Sumarrek Frente Amplio sortu duenez, guri ukatu digute tokia", argitu du Jimenezek.
Amurrioarraren ustez, erabakiak ez du inolako zentzurik: "Ulertezina da Alvise Perezek parte hartzea hauteskunde eztabaidan eta hedabide publikoek egingo duten jarraipenetan eta Irene Montero betatuta egotea".
Horrez gain, amurrioarrak gogoratu du EAEn lortutako ordezkaria Podemoseko kidea zela garai horretan, Lander Martinez, hain zuzen.
Dena den, alderdiak ez du lortu batzordeak iritzia aldatzea eta, ondorioz, TVEn zein ETBn jarraipen oso mugatua izango du; "hiruzpalau aldiz" agertuko da kanpaina osoan, Leticia Jimenezek salatu duenez.