Sukaldeberri izeneko espazioa ireki nahi du Amurrioko Udalak Reforreko txoko zaharrean. Abiatu dute dagoeneko gunea egokitzeko lanen lizitazioa, 147.465,39 euroko gehienezko aurrekontuarekin. Hautatzen duten enpresak hiru hilabete izango ditu obrak egiteko. Gauzak hala, dena ondo bidean, datorren urtearen lehen txanparako egongo litzateke prest.
Udalak azaldu duenez, “erabilera anitzeko espazio berri bat” izango da Sukaldeberri, “nekazaritzako elikagaien sektorerako topagune” izateko pentsatua. Argitu dutenez, egokituko duten txokoa Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenak kudeatu zuen bere garaian.
Orain, aldiz, “Amurrioko eta inguruko tokiko produktuari eta ondare enogastronomikoari balioa ematea” izango da espazioaren xedea. Horretarako, hainbat jarduera antolatzea aurreikusi dute azpiegitura berrian: tailerrak, prestakuntza jarduerak, ekitaldiak, dastatzeak eta topaketak, besteak beste.
“Tradizio gastronomikoa berreskuratu” nahi dute horrela, espazioa “tokiko produktuen prestakuntzarako, dibulgaziorako eta sustapenerako topagune” bihurtuz. Hala azaldu du Txerra Molinuevok. Alkatearen hitzetan, proiektuak aukera emango du “ekoizleen lana balioan jartzeko eta gastronomiaren, lurraldearen eta garapen ekonomikoaren arteko lotura indartzeko”.