Une erabakigarrian dago Tubos Reunidos enpresaren etorkizun industriala. Hartzekodunen konkurtsoa abiatu eta sei hilabetera bost erosle posible ditu enpresak, baina oraindik ere etorkizuna ez da ziurra. Egoera horren aurrean, agerraldia egin dute gaur goizean Tubos Reunidoseko langileen ordezkariek, Amurrioko fabrikako sarrera nagusian.
Aurrerapausoak erakundeei
Espainiako Gobernuaren menpekoak diren SEPI eta Estatuko Abokatutzaren papera kritikatu du langileen ordezkaritzak. “Tubos Reunidos enpresaren lantegien eta horien erabileraren bideragarritasunerako oztoporik handiena” direla azaldu dute, eta egoera “erabateko buxadura posizioan” dagoela salatu. Izan ere, bi organismoekin premiazko bilerak eskatu ditu enpresa batzordeak baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
"Espainiako Gobernuak, Estatuko Abokatutzaren bidez, ezin du Merkataritza Epaitegian edozein prozedura inpugnatzen jarraitu"
“Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren arduragabekeriak eta praxi txarrak ezin dute ekarri Tubos Reunidosek etorkizunik ez izatea eta ia 1.400 lanpostu galtzea, horietatik 900 Amurrion”, salatu dute goizeko agerraldian. Bide horretan gogorarazi dute SEPIri dagokiola “enpresa-jarduerari eusten laguntzea, sektore estrategikoak zaintzea eta enplegua babestea”.
Langileek aurrepausoa exijitu dizkiete erakundeei: “plantillak ahalegina egin du, orain erakundeak parean egotea nahi dugu”. Salatu dute "Espainiako Gobernuak, Estatuko Abokatutzaren bidez, ezin duela Merkataritza Epaitegian edozein prozedura inpugnatzen jarraitu". Izan ere, enpresa batzordearen iritziz, praktika horrek “etengabe oztopatzen du Tubos Reunidos enpresarentzat etorkizuneko proiektua egiteko aukera oro”.
“Ez da nahikoa inbertitzaileei lagunduko zaiela esatea. Azaldu behar da nola egingo den eta zer berme eskatuko diren lantegi guztietan jarduerari eta enpleguari eusteko”
Eusko Jaurlaritzan fokoa
Eusko Jaurlaritzaren gainean ere jarri nahi izan du fokoa langileen ordezkaritzak, eta Tubos Reunidosen etorkizun industriala bermatzeko konpromisoak zehazteko unea dela adierazi diote. Imanol Pradalesen gobernuak otsailean azaldu zuen prest zegoela “inbertitzaileei lagundu eta Tubos Reunidosi etorkizun industriala emateko”. Konpromiso horri eusteko galdegin diote langileek.
Enpresa Batzordeak bilera eskatu du Eusko Jaurlaritzarekin Tubos Reunidosek bizi duen egoeraren aurrean zer paper jokatzeko prest dagoen jakiteko: “Ez da nahikoa inbertitzaileei lagunduko zaiela esatea. Azaldu behar da nola egingo den eta zer berme eskatuko diren lantegi guztietan jarduerari eta enpleguari eusteko”.
“Plantillak Tubos Reunidos defendatu du”
Halaber, langileek Amurrioko 301 kaleratzeak gelditu eta enpresaren etorkizuna defendatzeko egindako ahalegina eta hartutako konpromisoak ere balioan jarri nahi izan ditu enpresa batzordeak gaurko agerraldian.
“Denborak arrazoia eman diela” defendatu dute beharginek: “Tubos Reunidosen arazoak ez ziren konpontzen 301 pertsona kaleratuz, altzairutegia itxiz edo logistika kanporatuz. Jokoan zegoena askoz gehiago zen: enplegua eta enpresaren etorkizun industriala”.
Atzerapausorik emateko prest ez zeudela adierazi zuten greba mugagabea bertan behera utzi zutenean, eta erabaki horretan berretsi da gaur langileen ordezkaritza. Azken hilabeteetan abiatutako fase berria erne jarraitu dutela defendatu dute sindikatuek eta, hitz eman bezala, “irtenbide industrial bat eta enplegua defendatzeko behar diren ate guztiak” jotzen ari direla.
“Guk argi dugu zein den gure helburua, eta ez dugu hortik desbideratzeko asmorik”, aldarrikatu dute agerraldia bukatzeko. “Tubos Reunidos industria enpresa izaten jarraitzea nahi dugu, bere jarduerari eta lanpostuei eutsiko diena eta presente dagoen eskualdeetan etorkizuna izango duena. Horretarako proiektu industrial bat behar da eta konpromisoak eta bermeak behar dira. Zehazteko unea da”.