Sozialistek mobilizazioa eskatu dute PP eta VOX alderdien balizko gobernuari aurre egiteko eta eskubideak ez galtzeko

Aitor Aspuru Saez

Javier Hurtado Kongresurako hautagai arabarrak, Mikel Torres Lehendakariordeak, Laura Fernandez zerrendakide eta zinegotziak eta Dani Eulebres laudioarrak hartu dute hitza Pedro Sanchez berriro presidente bilakatzeko asmoz.

Gaur egin du PSE-EEk hauteskunde ekitaldia Amurrion, 10:30ean Guk monumentuaren aurrean. Eskualdeko zein kanpoko ordezkariek hartu dute hitza eta mezu argiak utzi dituzte: PP eta VOX alderdien gobernuak eskubideetan atzerapausoa ekarriko duela eta berme bakarra horri aurre egiteko Pedro Sanchezen alde bozkatzea dela.

Hitza hartzen lehenengo sozialista Dani Eulebres laudioarra izan da. Berak adierazi duenez, igandean erabakiko dena ez da soilik gobernua, baizik eta eredua, "gastu sozialak eta eskubideak sustatzen dituena edo motozerrarekin etorriko dena murrizketak egitera".

"Bi gobernu eredu lehiatuko dira hauteskundeetan: gastu sozialak eta eskubideak sustatzen dituena edo motozerrarekin etorriko dena murrizketak egitera"

Laura Fernandez zinegotzi amurrioarrak eta Kongresuko zerrendakideak ere aldarrikatu du bere alderdiaren jarduera. "Amurrion parte hartzea sustatu dugu eta etxebizitza publikoa eraiki da", azaldu du.

Horrez gain, eta enpleguari dagokionez, Fernandezek aipatu du "kartelak jarri, kaleak zikindu eta bengalak piztu" daitezkela, baina eurek hurrengo egunean jarraitzen dutela erakundeekin hitz egiten konponbidearen bila.

Mikel Torres: "Euskadiri ondo joan zaio Pedro Sanchezekin"

Mikel Torres Lehendakariordea eta Ekonomia, Enplegu eta Lan Sailaburuak hitzartze luzea egin du hainbat datu partekatzeko. Esaterako, azpimarratu du gobernu sozialistak gutxieneko soldata %70ean igo duela azken zortzi urteetan eta horrek ahalbidetzen dituela lanpostu duinak.

EAEri begira, ordezkari sozialistak gogoratu du Next Generation funts europarren kopuru handia hona bideratu dutela eta horrek aukera eman diela enpresa ugariri aurrera egiteko pandemiaren ondoren. "Pedro Sanchezen Gobernuarekin ondo joan zaio Euskadiri", laburbildu du.

"PP eta VOXen diktadura"

Halaber, PP eta VOXen argudioen kontra (zeintzuek esaten duten PSOE erregularizazioak egiten dituela etorkinen bozak lortzeko) Torresek azaldu du EAEn egindako 50.000 erregulazio prozesuetatik, jadanik 18.000 Gizarte Segurantzan ordaintzen ari direla eta beste 7.000 lagunek Lanbiden eman dutela izena: "Horrek erakusten du jendea hona etortzen dela lan egitera eta PPk eta VOXek nahiago dutela beltzean lan egitea, eskubiderik gabe".

"Langileek baja hartzea kritikatzen dute eta sindikatuak iraintzen dituzte. Sozialiston eredua elkarrizketa sozialean dago oinarrituta, eta hor sindikatuak ezinbestekoak dira. PP eta VOXek diktadura nahiago dute"

Eskubideen ardatza oso presente egon da guztien hitzetan. Torresek ohartarazi du PP eta VOXen asmoa dela lortutakoa murriztea: "Langileek baja hartzea kritikatzen dute eta sindikatuak iraintzen dituzte. Sozialiston eredua elkarrizketa sozialean dago oinarrituta, eta hor sindikatuak ezinbestekoak dira. PPk eta VOXek diktadura nahiago dute, enpresariek zehaztea gutxieneko soldata, boteretsuek pribilejioak izan ditzaten eta besteok sakrifizioak".

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bestelako lege aurrerakoiak ere arriskuan daudela salatu du: "Memoria historikoaren legea, heriotza duinerako legea edo trans legea".

Boto mobilizazioa, gakoa

Javier Hurtado Kongresuko zerrendaburu arabarrarentzat mobilizazio lana egin beharra dago eskuina eta eskuin muturra garaitzeko. Hurtado aipatu du oposizioak premia handia zuela hauteskundeetara jotzeko, baina egunez egun galtzen duela babesa euren asmoak azaleratzen dituztelako edo jendearen mesfidantza pizten dutelako.

"Ez da gauza bera gutxieneko soldata 700 eurokoa edo 1.200 eurokoa izatea, enplegua finkoa edo behin-behinekoa izatea, Etxebizitza Legea aplikatzea edo ez"

"Ez da gauza bera ezkerrak edo eskuinak gobernatzea. Ez da gauza bera gutxieneko soldata 700 eurokoa edo 1.200 eurokoa izatea, enplegu finkoa edo behin-behinekoa izatea, Etxebizitza Legea aplikatzea edo ez, eta benetako pentsioen igoerak egitea edo PPk egindakoak, %0,25ekoak", arrazoitu du Hurtadok.

Horregatik, hain zuzen, lagunen eta senideen artean boza mobilizatzeko deia zabaldu du azaroaren 29rako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide