Tubos Reunidos taldearen egoera ezegonkorra izaten jarraitzen du. Izan ere, Langraitz Okako lantegiko sindikatuek salatu dute administrari konkurtsalak jakinarazi diela ez dutela azaroko soldata jasoko. Beharginen ordezkariek azpimarratu dute posta elektroniko bidez izan dutela horren berri eta ez dietela aparteko azalpenik eskaini.
Sindikatuek Iker Filloy PKF Attest-eko kideari exijitu diote argitzea zergatik ez duten lansaririk jasoko 26 milioi euroko eskariak jaso badituzte azken asteetan eta 3.100 altzairu tona ekoizteko kontratua azaroaren hasieran.
Horrez gain, beste eskari batzuk ere jarri dituzte mahai gainean: altxortegiaren egoera, ordainketak egiteko irizpideak eta horien aurreikuspenak azaltzea, kudeaketak azkartzea nomina horiek ahalik eta lasterren kobratzeko eta enplegua mantentzeko aukera guztiak agortzea.
Azken deia erakundeei begirakoa izan da, nabarmenduz ezin dutela beste alde batera begiratu. Bide horretatik, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak atzo egindako agerraldian argitu zuen ez dakiela ezer enpresaren egoerari buruz eta berriro aipatu zuen SEPIk zerbait egin behar duela zorra berregituratzeko, konkurtsoa agortzen ari baita.