"Iraneko jendea ez da hemen dagoenarekiko oso ezberdina"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko api. 10a, 23:16

Iranen lan egiten dago BIDART LARRAKOETXEA BETES (Arakaldo, 1992). Bertako bizimoduari buruz mintzatu da.

Iranen lan egiten dago BIDART LARRAKOETXEA BETES (Arakaldo, 1992). Bertako bizimoduari buruz mintzatu da.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera joandako aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Nola bukatzen du arakaldoar batek Iranen lan egiten?
Kasualitatez. Tubacexen nenbilen lanean, baina ikusita bertan geratzeko aukerak gutxi zirela beste lekuetan hasi nintzen lan bila. Hasiera batean ez neukan asmorik atzerrira joateko, baina curriculuma bidaltzeko orduan ez nuen bereizketarik egin. Eskaintza horietako batean “Oriente Medio” jartzen zuen kokaleku bezala, eta beldur apur batekin baina aurrera jarraitu nuen. Enpresa Azpeitiarra da (Sarralle) baina urteak daramatzate Iranen. Antza denez ez genuen jende askok eman izena eskaintza horretan, eta ni aukeratu ninduten.


“Hasieran 'Oriente Medio' zena Iran bihurtu zenean sustoa hartu genuen etxean baina orain pozten naiz Iran izan delako eta ez Arabia Saudi edo Turkia, adibidez”



Zertan egiten duzu lan zehazki?
Ari naiz lanean enpresa erdi azpeitiar erdi iraniar bateko departamentu finantzarioan eta gehienbat arduratzen naiz Azpeitira informazioa pasatzeaz (astero eta hilero). Horretaz aparte, herrialdera sartzeko jartzen dituzten oztopoen inguruan bestelako gauzak egitea ere tokatzen zait, Iranek dituen baldintza bereziengatik. Horren harira, iraniar gobernuari munduari itxita daudela esan beharrean gure jarrerari begiratu beharko genioke. Nire ustez guztiz ulertzekoa da iraniar gobernuaren jarrera, Europa eta Estatu Batuek atzerritar askori betidanik jarri izan dizkieten eta oraindik ere irauten duten trabak direla eta.


Nolakoa da bertako bizimodua? Zer nolako harremana duzue bertako jendearekin? Nola moldatzen zarete elkar ulertzeko eta lanean aritzeko?
Ba egia esan jendea ez da hain hain desberdina Euskal Herrikoarekiko.



“Aparte utzita tabernarik ez dagoela, Irango gazteak nahiko lagunkoiak dira, festak antolatzea gustuko dute, zinemara joatea…”



Badago aukera gimnasioan aritzeko edo jatetxe eta te-tokietan berbetan egiteko… Duela gutxi, adibidez, “chaharshanbe suri” ospakizuna egin zen, gure San Juan suaren berdina dena.


“Bertako jendearekin harremana oso ona da, orokorrean jatorrak dira, eta nabaritzen da europarrek kuriositatea edo pizten dietela, guri berdina gertatzen zaigu Iraniar jendearekin”



Hala ere, egia da hizkuntza oztopo handi bat dela, askok ez dakitelako ingelesaz, eta nahiz eta persiera ikasten ari naizen, kosta egiten da.


Iranen eta mendebaldearen arteko tentsioa nabarmena izan da urteotan. Tentsio hori bertan ere bizi da?
Ez da asko nabaritzen, egun konkretu batzuetan bakarrik. Otsailaren 11a “Revolution day” da Iranen eta herrialde guztitik etortzen da jendea Teheranera manifestazioetan parte hartzera eta lider nagusiaren hitzak entzutera.


“Egun horretan gomendatu ziguten kalera asko ez irtetea, jendeak pentsatu ahal zuelako kazetariak ginela eta arazoren bat eduki ahal genuelako”

 

Gero, ez dakit mendebaldearekin dagoen harremanekin erlazioa duen, baina interneteko hainbat orrik duten debekua ere aipatu behar da. Honek gure kasuan ez du arazo handirik suposatzen, mugikorreko aplikazio bat deskargatuta debeku hauek saihestea baitago.

Aiaraldea faltan sumatzen duzu?
Noski baietz! Familia, lagunak, kaleko giroa, eguraldia, Aiaraldeko trafiko lasaia... faltan sumatzen da, baina bueno, espero baino hobeto nagoenez ez da hain gogorra egiten. Bestalde, lagunak bisitan etorri berri dira eta asko eskertzen da hori. Atzerrian ikastearen alde positibo moduan, ingelesa praktikatzen ari naizela azpimarratuko nuke eta baita jende berria ezagutu izan dudala.


Baduzu itzultzeko asmorik? Zeren arabera?
Itzultzeko asmoa beti dago, baina ez daukat presarik. Hala ere, ez daukat ideiarik non egongo naizen hemendik 5 hilabetera edo, baina horrek ez nau kezkatzen. Gustura nago hemen eta jarraitu nahiko nuke denbora gehiago, baina enpresaren esku dago hori.
Beste zer edo zer gaineratu beharko bazenu…

Besterik gabe, Iran oso herrialde interesgarria, merke eta ikusgarria dela eta bidaiatzea gustatzen zaionari etortzea gomendatuko nioke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide