“Emaitzak ondo daude, baina markak ez dira espero nituenak izan”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mar. 20a, 22:43

GARAZI LARRAKOETXEA BETESek (Arakaldo, 1994) urrezko domina lortu du Euskadiko Pista Estaliko Altuera Jauzi txapelketan, eta brontzezkoa Espainiakoan.

Pista estaliko denboraldia amaitu berri duzu. Pozik emaitzekin?

GARAZI LARRAKOETXEA BETESek (Arakaldo, 1994) urrezko domina lortu du Euskadiko Pista Estaliko Altuera Jauzi txapelketan, eta brontzezkoa Espainiakoan.

Pista estaliko denboraldia amaitu berri duzu. Pozik emaitzekin?

Emaitzak ondo daude, oso pozik nago, baina markak ez dira hurbildu nik nahi nituenetara, eta alde horretatik ez nago horren pozik. Azken finean, txapelketa batera zoazenean axola duena zer postuan geratzen zare da, ez zer marka egiten duzun. Entrenamenduetan oso ondo egin dut, baina gero hori ez dut txapelketetan islatua ikusi. Egia esan oso txapelketa gutxitan aritu izan naiz pista estalian, eta erritmoa hartzea falta izan zait. Baina bestela ere nahiko pozik nago. 

Lasterketak egiten hasi zinen, baina altuera jauzia egiten bukatu duzu. Nolatan?

Lagun talde bat hasi ginen atletismoan, zazpi edo zortzi urte genituela. Laudioko Klubean froga guztiak lantzen dira. Hasiera batean krosa lantzen da bereziki, ohikoena dena. Apiriletik aurrera aire libreko denboraldia dator eta pistan bertan arlo guztiak lantzen dira: altuera zein luzera jauziak, pisu jaurtiketak, lasterketak... denetarik. 

 

“Nire kasuan gutxika joan nintzen ikusten zer gustatzen zitzaidan”

 

Horrela ikusi nuen altuera-jauzia zela gehien gustatzen zitzaidan kirola eta horregatik hautatu nuen. 

Zergatik zen zure gustukoena?

Altuera jauzia zen hobekien egiten nuen kirola. Espainiako Txapelketetara joaten hasi nintzen... gauza gehiago ezagutu nituen eta ondorioz gehiago gustatzen zitzaidan kirol hura. 

Baina hainbat modalitateko kirola da. 

Bai, hiru modalitate daude. Alde batetik pertikarekin egiten dena dago (ez duena zer ikusirik beste inongo saltorekin). Beste aldetik, luzera jauzia, altuera jauzia eta jauzi hirukoitza daude. Nik hirurak lantzen ditut, hirurek baitute elkarrekin zer ikusia. Baina altuera jauzia da, azken finean, gehien gustatzen zaidana. 

Zein da zure marka hoberena?

1,73 metro. 

Arakaldokoa izanda Ermuan entrenatzen dugu. Zergatik?

Alde batetik, azpiegiturengatik. Ermuan pista estalia dago, eta hori abantaila bat da euria egiten badu. Laudioko pistan euria eginez gero ezingo zenuke koltxoneta atera, izorratu egin litzatekeelako. Hortaz gain, nire taldea bertan dago. Laudion lasterketak lantzen dira batez ere, jauziak ez dira horrenbeste lantzen. Horregatik erabaki nuen Ermuan entrenatzea. 

Denboraldia bi zatitan banatua dago. Orain arte pista estalikoa izan da, eta orain hasiko da aire librekoa. Pista estaliaren garaian apur bat denetarik egiten dugu, fondoa hartzen dugu batez ere, teknika ez dugu horrenbeste lantzen. Aire librekoan gehiago zentratzen altuera jauzian, eta teknika askoz gehiago lantzen dugu, txapelketak ere ugaritu egiten direlako eta askoz prestatuago egon behar zarelako. 

Zaila da marka hobetzea?

Bai eta ez. Altuera jauzian hasieran metro bat eta 60 zentimetroko jauzia egin dezakezu, adibidez. Gero hiru zentimetro gehiago, gero beste hiru...

 

“Ez da berdina 1,6 metroko edo 1,7 metroko salto bat egitea. Hor faktore psikologikoak ere asko eragiten du”

 

Bada zaila, ez berez aldaketa handia delako, baizik eta aspektu mentala ere kontua eduki behar delako. 

Zer helburu dituzu hastear dagoen aire zabaleko denboraldiari begira?

Euskadiko Txapelketa Absolutua (ekainean izango dena) eta Espainiako Txapelketa izango dira, batez ere, nire helburuak. Gero taldearekin ligak ditugu, eta hor ere gustatuko litzaidake denboraldi on bat egitea.  

Eta epe luzeago bati begira?

Ee luze bati begira ez dakit zer egingo dudan, ideiarik ere ez. Aurten unibertsitatea bukatuko dut. Horregatik, datorren urtean atletismoan apur bat gehiago zentratzea gustatuko litzaidake. Aurten promesa mailatik absolutu mailara igaroko naiz, gainera. Helburua, beraz, behatzea izango da, nahiko ezberdintasun handiak baitaude kategoria batetik bestera.

 

“Markari dagokionez, aurten 1,80 metrora hurbiltzea gustatuko litzaidake”

 

Ez dut uste altuera hori saltatzeko aukera izango dudanik,baina hurbil egotea gustatuko litzaidake. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide