"Herri azpiegitura baino gehiago baloratu dugu herritarren harremanak sendoak izatea"

Erredakzioa 2015ko mai. 11a, 17:45

JABI ASURMENDI (Arakaldo, 1979) EH Bilduko hautagaia izango da. Aurreko hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zen herrian eta 2015ean alkatetza lortu nahi du hainbat ideia gauzatzeko.

Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Batzar irekietan egin da, jarri dira kartelak herriari deika batzarretan parte hartzeko eta, egia esanda, zaila denez Arakaldon 5 pertsona aurkitzea zerrenda osatzeko, aukera asko ez zeuden. Eta zeuden pertsonen artean osatu da zerrenda.

JABI ASURMENDI (Arakaldo, 1979) EH Bilduko hautagaia izango da. Aurreko hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zen herrian eta 2015ean alkatetza lortu nahi du hainbat ideia gauzatzeko.

Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Batzar irekietan egin da, jarri dira kartelak herriari deika batzarretan parte hartzeko eta, egia esanda, zaila denez Arakaldon 5 pertsona aurkitzea zerrenda osatzeko, aukera asko ez zeuden. Eta zeuden pertsonen artean osatu da zerrenda.

Herria txikia izateak arazoak eragiten ditu, zer arazo mota dira horiek?

Hasteko, zerrenda osatzea nahiko zaila da, azken finean 5 pertsona lortzeak biztanleriaren % 4 suposatzen du. Pentsa dezagun, Laudion 800 laguneko zerrenda izango litzateke.

Zerrendan parte hartzeko prest ez dago hainbeste jende, nahiz eta gero bestelako babesak eman.

Eta, bestalde, udalgintzan baliabideen arazoa daukagu. Arakaldok ez dauzka beste udalerri handi batzuek eduki ditzaketen baliabideak, bai bere eskubideak defendatzeari zein azpiegiturei begira.

Energia enpresa handiek edo komunikazio enpresa handiek ez dute inolako arriskurik hartzen Arakaldo hornitzeko.

Eta Foru Aldundian ere presioa sortu behar bada zerbait lortzeko Arakaldok ez dauka beste herri batzuek daukaten indarra.

Eta hauteskunde sistema ere berezia da Arakaldon.

Arakaldok 250 biztanle baino gutxiago dauzkanez hautaketa sistema nominala da. Hau da, indar politiko bakoitzeko paper bana egon beharrean paper bakarra dago eta indar bakoitzak aurkezten dituen hautagai guztien izenak agertzen dira. Hautesleak aukeratu behar ditu 4 hautagai. Gehienez 4, gutxiago ere hautatu ditzake.

Indar ezberdinetakoak izan daitezke.

Horrek nahiko baldintzatzen du emaitza. Berez aurreko hauteskundetan berdinketa suertatu zen eta nominala denez boza gehien lortu zuena Bilduko hautagaia izan zen -ni nintzen, alegia-, gero Victor Egia geratu zen -egungo alkatea-, hirugarrena Monika izan zen, Bildukoa, eta laugarren pertsonarik bozkatuena EAJko hautagaia izan zen.

Eta azken zinegotzia lortzeko berdinketa egon zen. 30 boza eskuratu zuen bakoitzak, EAJko eta Bilduko zinegotzi baten artean.

Nahiz eta hautagairik bozkatuena Bildukoa izan eta Bildu zerrenda bozkatuena izan, azken zinegotzi hori Durangoko Epaitegian erabaki zen eta txanpon baten bitartez zozketatu zen. EAJren hautagaiaren alde erori zen txanpona eta horrek baldintzatu du legealdi osoa.

EAJk gehiengo absolutua lortu duelako eta berak hautatu duelako alkatea, nahiz eta herritarrek hori bozkatu ez.

Zein da legealdiaren balorazioa?

Nahiko pozik gaude. Nahiz eta gu gobernuan ez egon saiatu gara nahiko konprometitzen. Negoziatu genuen gutxienez guk diru zaintza lanak egitea eta horrek lagundu gaitu inplikatuago egote aldera.

Gobernuak nahiko laguntza izan du gure aldetik eta nahiko inplikaturik egon gara batez ere ardura hori sentitu dugulako, gu aukeratu gintuzten eta.

Proiektu asko abiatu ditugu. Adibidez, Udal Euskaltegia sortu da lehen aldiz Arakaldon, ikasleek herrian bertan ikasi dezakete eta doan.

Herrigintza nahiko sustatu dugu. Herri azpiegitura baino gehiago baloratu dugu herritarren harremanak sendoak izatea. Jaiak hobetzen saiatu gara urtez-urte eta hainbat ekitaldi antolatzeko ahalegina egin dugu.

Lau hilero edo planteatu genuen zerbait antolatzea herritarren harremanak lantzeko eta aisialdiari lotutako eskaintza egoteko herrian.

Azpiegituren aldetik nahikotxo landu ditugu nahiz eta emaitzak ez diren oso onak izan. Euskaltelekin batzartu gara internet sarea hobetzeko herrian, gas naturala herrira ekartzen saiatu gara, Iberdrolarekin arazo nahiko zeuden elektrizitatearekin eta saiatu gara harremanetan jartzen inguruko udalekin (Laudio, Orozko, Ugao, Arrankudiaga-Zollo, Aiara...) gero guztiok batera enpresarekin elkartzeko.

Diru zaintzan eta aurrekontutan nahiko inplikatuta egon gara.

Udal gobernuan nahiko inplikatuta egonda ere, iazko neguan igarri genituen kontu susmagarri batzuk. Ondoren, hasi ginen 2006tik dokumentazio ezberdina eskatzen eta ikusi genuen alkatearen enpresak zor handia zeukala udalarekiko, beraz, publikoki salatu genuen eta zor hori kitatzea ere lortu genuen.

Eta zer planteatuko duzue hurrengo legealdian?

Ardatz ezberdinak ditugu, ekologiaren aldetik Arakaldoko EH Bildutik, Arakaldo eta Euskal Herria Fracking gabeko herria izan dadin lan egingo dugu. Tinkoki defendatuko dugu jarrera hau bide ezberdinetatik, adierazpen instituzionalen edo mozioen bitartez zein aktiboki geldiarazten saiatuz Arakaldon egin litekeen edozein ikerketa edo indusketa.

Bestalde, Arakaldok daukan biodibertsitatea ezagutu eta zaindu egin behar dugu, horretarako, gure biodibertsitatearen inbentarioa egiteko asmoa dugu eta hortik aurrera, biodibertsitatea zaintzeko neurriak aztertu behar ditugu hainbat irizpide aintzat hartuta.

Horretaz gain administrazio askotan ez dago oraindik energia berriztagarriak sustatzeko benetako politika aktiborik. 
Horrenbestez, ekintza irmoak bultzatu nahi ditugu energia berriztagarrien erabilera sustatzeko Udaletxetik. Horretarako hainbat hitzarmen lortu nahi ditugu Euskal Herrian horrelako energiak banatzen dituzten kooperatibekin, udal argindar sistema energia berriztagarrietatik elika dadin.

Ahal den neurrian, autosufizientzia energetikorako urratsak eman nahi ditugu, udal azpiegitura elektrikoetan zein etxe edo enpresetan

Obrei dagokienez, "Gure Errekatxu" txokoa berritu eta konpondu behar dugu.

Azken hiru urteetan eskatu dugu hainbat udal bilkuretan parkea konpondu behar zela eta arriskutsua zela umeentzat. Baina gure eskaerak ate-atzean bota dira. Gauzak hala, parkea konpontzeak premiarik handienetarikoa dauka.

Herriko plaza handitu eta osatu nahi dugu, leku erosoa izan dadin bai bertan egoteko, herriko bilgunea izateko zein jaietan gustura egoteko. Plaza handitu, txukundu eta erosoagoa bilakatu behar dugu.

Ekonomian lehen sektorean lana sustatu behar dugu eta kontsumitzaileen artean gure baserritarren produktuen kontsumoa bideratu eta sustatu.

Aiaraldea eskualdean sortzeko prozesuan dagoen Tokiko Elikadura Kontseiluan parte hartzen ari gara dagoeneko eta gure asmoa lan horrekin jarraitzea eta indartzea da, Arakaldoko ekoizleak eta kontsumitzaileak ezagutu eta bi taldeei zerbitzua eman arestian aipatutako helburuak betetzeko.

Partaidetza sustatzeko uste dugu udalbatza bilkurak herriarentzat berreskuratu behar direla eta beraz arratsaldez egin behar direla, lehen egiten ziren bezala, jendeak joateko aukera gehiago izan dezan eta bertan parte hartu, iritzia eman eta ikusi eta entzun zer lantzen ari den udalgintzan.

Aurreko legeagintaldian azpiegiturak hobetzen saiatu gara, horregatik Euskaltelekin, Naturgasekin eta Iberdrolarekin batzartu gara. Aurreko legeagintaldian batzar horietan konpainia hauen erantzuna oso ona izan ez bada ere, ez dugu etsiko eta azpiegiturak hobetzeko hainbat erakunderekin batzartu nahi dugu berriz: Naturgas, Euskaltel, Telefonica, Adif (trenak).

Bestetik, ulertzen dugu herriko sarbidea hobetu behar dela, gure esku ez badago ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza delako. Baina argi dugu Foru Aldundiari herriko sarbidea hobetzea exijitu behar zaiola eta horretarako Batzar Nagusietako gure batzarkideekin kontatzen dugu.

Azken legeagintaldi honetan bultzatu dugun udal euskaltegia mantendu behar dugu, jendeak baliatzeko herrian bertan eta debalde dagoen bitarteko hori. Horretaz gain, Udaletxearen egunerokotasunean ere euskara sustatu behar da, udal komunikazioetan, barruko funtzionamenduan. Bere garaian Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea bultzatu genuen eta uste dugu ziurtagiriari heldu behar diogula berriz eta helburuak hobeto bete zein helburu berriak finkatu urtez urte.

Herriko gazteriak oso gauza gutxi dauzka egiteko herrian. Herriko gazteekin zein gazte erakundeekin hitz egin nahi dugu herrian gazteentzako gauzak antolatzeko, tailerrak, jaialdiak, etab. Horretaz gain, Udaletxetik erraztuko ditugu pertsona nagusientzat bideratuta dauden proiektuak.

Inguruko herriko merkataritza elkarteekin zein beste udalekin ere hitz egin nahi dugu pertsona nagusientzako erosketak etxera eramateko zerbitzuak garatzeko.

Kirolaren aldetik, inguruko herriekin hitzarmenak lortu nahi ditugu herri horietako kirol azpiegiturak erabili ahal izateko eta Udalak bertakoa ez izateagatik jartzen diren prezio gehigarriak ordaintzen lagundu Arakaldoko herritarrei.

Bestetik, Udaletxetik sustatu eta lagunduko dugu mendi eta kirol talde bat sor dadin.

Bukatzeko, ikur arrotzen inposizioa gure herrira ere iritsi da. Herriak adierazi nahi du ez dituela ikur arrotz horiek nahi eta ez dituela onartzen. Horregatik, gure berezko ikurrak eta euskal herritartasuna adierazten dituzten ikurrak jarri nahi ditugu herrian, udaletxean zein udal dokumentu ofizialetan eta webguneetan.

 



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide