Arakaldoko zubi nagusia berritzea aztertzen ari da udala

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 26a, 07:10

Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta URArekin hainbat bilera egin ditu udalak zubia berritzeko / Aiaraldea.eus

273.000 euroko aurrekontua izango du aurten udalak.

Arakaldoko zenbait gune eta zerbitzutan aldaketak egingo ditu udalak. Pasa den ostegunean izan zen udalbatza, eta bertan onartu ziren 2017ko aurrekontuak, EAJ eta EH Bilduko zinegotzien babes osoarekin. 42.948 eurorekin itxi dute 2016 urtea. Egindako lanen artean daude frontoia edo argiteria berritzea, besteak beste.

Jabi Asurmendi alkatearen hitzetan, iragan astean egin zuten herritarrekin bilera, 273.000 euroko aurrekontua zertan erabili adosteko. Hala, 31.000 euro bideratuko dituzte aurten inbertsioetara. Aurreratu zuenez, 1.000 euro gordeko dituzte berdintasuna sustatzeko, eta beste 1.000€ aurreikusi dituzte komunikazio tresnak sortzeko.

Horrez gain, euskara arloko aurrekontua igo dute, baita ekintzak antolatzeko diru-laguntza ere: “Geroz eta kirol edota kultur ekitaldi gehiago egiten dira Arakaldon, eskaera kopurua hazi da, horregatik proposatu da 500 euro gehiago ematea”. Hortaz, 2.500€ beharrean, 3.000€ izango dituzte herriko elkarteek.

Arakaldoko sarbidea ere izan zuten eztabaidagai, tren geltoki aldameneko zubia, hain zuzen. Asurmendiren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BFA) hainbat bilera egin dituzte, ez baitira bi ibilgailu batera kabitzen: “Epe luzera zubia berreraikitzea da soluzio bakarra, eta epe motzean hainbat aldaketa egitea. Semaforoa jartzea da proposamenetako bat, baina ez du zentzurik; inor ez badator berdin itxaron beharko baita. Zubi berria egiteko zain geratu beharko gara”. BFArekin legez, URArekin ere elkartu dira.  

Horrez gain, zuntz optikoa jartzeko aukerak aztertu dituzte. ADIF dute oztopo, trenbidea tartean egonda 116.000 euroko finantza eskatu baitio udalari. Hori dela eta, aukerak aztertzen jarraituko dute.

Udako eskaintza
Festen datak ere zehaztu zituzten: uztailaren 15etik 18ra izango dira jaiak. Udari begira, ordea, ez da izango eskaintza bakarra. Izan ere, gazteentzat multiabentura udalekuak egingo dituzte inguruko udalekin elkarlanean.

Bestalde, mozio gisa aurkeztu zituzten AP-68 errepidean bizkaitarrek hobariak izateko eskaera, energia kontsumo arduratsuaren aldeko neurriak eta  Picassoren Gernika koadroa Gernikara itzultzeko beharra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide