Adin guztietako herritarrentzat eskaintza luzatzea izan da Arakaldoko jaien helburua, Jabi Asurmendi alkatearen hitzetan. Herritarren iritziak jasotzeko bilera irekia egin zuen horretarako udalak. Hala, bertako ekarpenekin osatu dute uztailaren 14tik 18ra luzatuko den jai egitaraua.
Egitarau anitza
Uztailaren 14an, ostiralean, piztuko da festa herrian 18:30ean; txupinazoarekin batera. Umeentzako jolasak eta kale animazioa egongo dira ondoren.
Gauean, berriz, musika kontzertuek girotuko dute herria. Izerdi Gorria erromeria izango da oholtzan, Hijos de tu iglesia taldearekin batera -La Pollas Recordsen tributua-. Aurten ere txosna jarriko dute. “Suziriak ere egongo dira”, erantsi du Asurmendik.
Azken zertzeladak lotzen ari da egunotan, baina girorik ez dela faltako ziurtatu du. Larunbata izango da horren adibide, uztailaren 15a, hain zuzen. Goizez trikitilariek alaituko dituzte bazterrak: “Ume zein nagusientzat jolasak ere egingo ditugu, denok batera primeran pasako dugu aulkien jokoan edo herri kiroletako beste hainbat probetan”.
Eguerdian, berriz, apar festa egingo dute frontoian, 13:00etan. Arratsaldean umeek jarraituko dute izaten protagonistak, gaztelu puzgarriak ipiniko baitituzte herrigunean. Horrez gain, haurrentzat herri kirol tailerra gauzatuko dute.
Erakustaldiei dagokienez, herri kirolak izango dira nagusi, larunbat arratsaldean profesionalak bertaratuko baitira plazara.
Txapelketa ugari
Baina herri kirola ez da izango egongo den norgehiagoka bakarra. Izan ere, txapelketa ugari dituzte aurreikusita: patata tortillarena, boloena, igel-toka... Larunbat arratsaldean izango dira gehienak.
Herri-askaria prestatuko dute, gainera: odolosteak eta txokolatea. Larunbateko gaueko eskaintzatik Joxpa erromeria eta disko dantza nabarmendu ditu Asurmendik: “21:00etan hasiko da lehen kontzertua, eta 23:30 aldera aurreikusi dugu disko-dantza”.
Igandean -uztailak 16- txistulariek esnatuko dute jendea, 10:00etan kalejira egingo dute eta. Programa guztiz itxita ez badute ere, umeentzat ekitaldi edo ikuskizuna lotuko dutela aurreratu du alkateak.
Eguerdian bolatokia bihurtuko da bilgune, bezperan abiatutako bolo txapelketari segida emateko. Igel jokoak ere izango du tartea, arakaldoarren punteria neurtzeko jolasa proposatu baitute.
Igandekoa -uztailak 16- izango da jaietako herri bazkari bakarra. Frontoia erabiliko dute horretarako. Bazkalostean giroa mantendu edo areagotzeko hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Gauzak hala, asteartean -uztailak 18- bukatuko dira festak, Santamaria egunez. Meza, pintxoak eta trikitixa bilakatuko dira herria indartzeko osagai 12:00etatik aurrera.
EGITARAU OSOA
Uztailak 14, ostirala
19:00 // Txupinazoa
19:00-20:30 // MUGI BOOGIE ETA IND-JONES umeentzako parranda eta ikuskizuna
21:00-23:30 // IZERDI GORRIA
23:30 // Suziriak eta suzko zezena
24:00-01:00 // HIJOS DE TU IGLESIA (La Polla taldearen tributoa)
01:30 // Nagusientzako jokoak (aulkien jokua, saku lasterketa, herri kirolak, sokatira)
Uztailak 15, larunbata
11:30 // Trikitixa kalejira
11:30 // Umeentzako jolasak
13:30 // Apar festa
17:00 // Puzgarriak
17:00 // Tortilla lehikaeta
17:00-19:00 // Aintzineko herri kirolak eta jolasak (haurrentzat eta nagusientzat)
19:00 // Herri kirol erakusketa
19:30-21:30 // Bolo Txapelketa
20:30 // Azkaria: Odolosteak eta txokolatea
21:00 // JOXPA ERROMERIA TALDEA
23:30 // DISKOFESTA
Uztailak 16, igandea
10:30 // Txistu kalejira
10:00-13:30 // Pilota partiduak
12:00-13:00 // GANBARAN: Umeentzako txotxongiloak eta antzerkia
12:00-14:00 // Bolo txapelketa
13:00 // Igel txapelketa
13:00 // Jotak eta abesti herrikoiak: BIGURI ETA TXOMIN
14:30 // Herri bazkaria, musika eta bazkalostean...
17:15 // DISKO DANTZA
Uztailak 18, asteartea
12:00 Meza, pintxoak, trikitia taldea