Datorren urtetik aurrera "Herriko etxea" izango du Arakaldok. Aurki hasiko dituzte obrak, gaur eguerdiko udalbatzan onartu baitute aurrekontua. Guztira, 32.000 euroko inbertsioa egingo dute eraikinaren egokitzapenean. Jabi Asurmendi alkateak azaldu duenez, baina, 24.000€ jasoko dituzte diru-laguntzetan. Hortaz, 8.000 euroko ekarpena gauzatuko du tokiko erakundeak.
Espazio publikoa berritzeko moldaketa ugari proposatu dituzte edifizioaren barnealdean. Esaterako, orain arteko barra kenduko dute leku gehiago izateko. "Beheko aldea txoko gisa erabiliko da, eta goikoa erabilera anitzeko gela moduan", argitu du alkateak. Egungo pisu batetik bestera joateko eskaileretan horma jarri eta biltegia atonduko dute, "bigarren solairura iristeko sarbide gehiago ditu etxeak eta". Irisgarritasuna bermatzeko, aldiz, arrapala kokatuko dute: "Diru-laguntzak eskatuko ditugu horretarako".
Txokoen erabilera
Arakaldok, beraz, bi txoko izango ditu 2018tik aurrera. Dena dela, herrigunean jarraituko dute antolatzen ekintzak: "Behekoa herritarren eskura jarriko dugu". Aldaketa nagusietako bat izango da espazioa erabiltzeko interesduna ez dela arakaldoarra izan behar.
Bestalde, udalbatzan aipatu dutenez, hileta zibilak edota bestelako ospakizunak antolatzeko araudia eratzea ere dute buruan. Gauzak hala, erdiguneko txokoaren erabilera berraztertuko du Arakaldoko Udalak, parte hartzea sustatuta: "Herri asanblada egin nahi dugu bestelako ospakizunak gauzatzeko aukera egon dadin. Denon artean hartu behar dugu erabakia". Izan ere, egungo ordenantzak arakaldoarren eskura jartzen du soilik espazioa, "ezin du herrikoa ez denak alokatu".