Karlistaldien testuinguruan Espartero jeneral isabeldarrak Arakaldoko 20 baserri eta errota bat erre zituen. Soilik 7 eraikin geratu ziren kiskali gabe, udaletxea barne. Eliza ez zuten erre, baina barruan zegoena lapurtu zuten.
Udalerriarentzat sekulako hondamendia izan zen sutea eta urte luzeak behar izan zituen gertakaria gailentzeko.
Zigorra
Militar espainiarraren neurria zigorra izan zen arakaldoarren aurka. Izan ere, karlistek herriko sarreran bi enbor-bonba zartatu zituzten eta jeneralaren zaldiari zauri arinak eragin zizkioten.
Esparteroren mendekua izan zen Arakaldo txikitzea sua baliatuta, udalerriak ez baitzuen balio estrategikorik. Herritar guztiek ihes egin zuten eta Orozkon, Arrankudiagan eta Laudion ezkutatu ziren.
Zenbaiten ustez, eragindako sute hori akats isolatua izan zen Esparteroren ibilbide militarrean. Txomin Egiluz Arrankudiagako historialariaren aburuz, ordea, jokaera arrunta izan zen hori. Berez, Egiluzek gogoratu du gauza bera egin zuela urte berean Luiaondon, beste enbor-bonba batek eztanda egin eta gero.
Karlistaldiak
Aiaraldea karlisten lurraldea izan zen guda hasi zenetik 1833an, eta Espartero maiz borrokatu behar izan zen eskualdean.
Nerbioiko Errege Bidea kontrolpean izateko talkak ohikoak ziren eta Arakaldoko ingurutan leku aproposak zeuden segadak antolatzeko. Berez, askotan eraso zituzten karlistek konboi isabeldarrak.
Enbor-bonbak
Esparterotik gertu eztanda egin zuen enbor-bonba ez zen lehena izan. Aurrekaria egon zen 1835eko urtarrilean Arrankudiaga eta Ugao artean. Kasu horretan 4 soldadu zauritu zituen lehergailuak.
Martxoaren 9an, aldiz, 4 enbor-bonba zeuden prestaturik isabeldarren aurka. Horietatik bi besterik ez zuten lortu zartatzea metxa erabilita, eta 800 soldaduko taldetik, ofizial bat zauritu zuten leherketek, baita jeneralaren zaldia ere.
Txomin Egiluzen ikerketen arabera, Aretako Aduanako arduradunek ekoiztu zituzten enbor-bonbak.