Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dute Arakaldoko zubiaren gaineko aurre-azterketak egitea eskatzea Aldundiari. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena batzarretan, zubian “eraikuntza-proiektua” gauzatzeari begira. Alderdiak uste du zubiak “esku-hartze urgentea” behar duela, “segurtasunagatik eta beste hainbat faktorerengatik”.
Talde politikoak azaldu du Arakaldoko udalak “hainbat hilabete” daramatzala Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan zubi berria eraikitzearen beharra azaleratzeko. “Egungo zubia oso estua da eta desegokia da oinezko zein ibilgailuentzako”. Hortaz gain, “herriko sarbide bakarra” da, koalizioaren hitzetan. “BI-4516 foru errepidean aurkitzen den zubi honetatik gero eta kotxe gehiago igarotzen dira, herriko biztanleriak %80ko hazkundea eduki baitu azken hamarkadan. Horrez gain, eskola autobusak eta, baso ustiapena dela eta, kamioi dezente ere pasatzen dira zubitik”. Azpiegiturak “uholdeen aurkako araudiak” betetzen ez dituela gaineratu dute.
Foru Aldundiaren proposamena
Bizkaiko Foru Aldundiak proposamena egin zuen Arakaldoko udalarekin bildu eta gero: zubian semaforo batzuk jartzea eta ibilgailu luzeen trafikoa mugatzea. Tokiko erakundeak udalbatzara eta herri batzarretara eraman zuen ideia hori eta bi toki horietan ebatzi zen proposamenak ez zuela arazoa konpontzen. Idazkia plazaratu zuen orduan udalak, jakinarazteko aldundiari soluzio bakarra “zubi berria eraikitzea” dela.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez zion erantzun idazki horri, EH bilduk azaldu duenez. Horregatik erabaki zuen udal-gobernuak Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkideekin biltzea, “korapiloa askatzeko”. “EH Bilduko batzarkideek Arakaldoko zubi berriaren eraikuntza proiektua 2018an egiteko konpromisoa negoziatzen aritu dira Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun politikoekin”.
Zentzu horretan, Batzar Nagusietan onartu dena ez da Arakaldoko ordezkariek nahiko luketela, “baina aurrera pausua da herri txiki honek duen arazo honi irtenbidea emateko bidean”, Jabi Asurmendi alkatearen aburuz.