Udalak Iberdrolarekin duen kontratua etengo du, Goiener kooperatibako bazkide izateko

Erredakzioa 2018ko api. 17a, 12:30

Arakaldoko Udaletxea Goiener enpresako zerbitzuarekin hornituko da.

Aho batez onartu zuten EH Bilduk eta EAJk atzo neurria udal osoko bilkuran.

Udalbatza egon zen atzo Arakaldon eta erabaki garrantzitsua hartu zuen erakundeak energiari dagokionez. Izan ere, EH Bilduko lau bozekin eta EAJko bakarrarekin adostu zuten Iberdrola enpresarekin duten harremana bertan behera uztea eta elektrizitate horniketa Goiener kooperatibarekin kontratatzea.

Horretarako, tokiko erakundea Goienerreko bazkide bilakatuko da. Jabi Asurmendi alkateak argudiatu du agian zerbitzua apur bat garestiagoa izango dela, baina horrela bermatuko dutela kontsumitzen duten energia iturri berriztagarrietatik lortzen dela. Bide horretatik, EH Bilduk eta EAJk akordioa lortu zuten aztertzeko zein urrats eman ditzakeen udalak askitasun energetikoaren bidean.

Likidazioa eta .eus domeinua, besteak beste
Edonola ere, gai gehiago landu ziren udalbatzan. Esaterako, 2017ko likidazioa onartu zuten; 16138,13 euroko soberakinekin bukatu zuten urtea.

Bestalde, Arakaldoko Udalaren webguneak .eus domeinua erabiltzeko ordenantza onartu zuten. Bukatzeko, alkateak hitza hartu zuen Altsasuko gazte auziperatuei elkartasuna adierazteko, atzo hasi baitzen epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide