Irati Diaz esku libreen modalitateko Euskadiko Gimnasia Erritmikoko Txapelduna bilakatu zen Arrasaten maiatzaren 26an. Eskola arteko jokoetan lortu zuen nagusitzea kimu kategorian. Horrez gain, uztaia baliatuta 2. postua bereganatu zuen.
Hainbat kanporaketa gainditu zuen Irati Diazek finalera heldu arte. Izan ere, Bizkaiko 5 onenek soilik parte hartu zuten lehiaketan. Sakoneta Leioako klubarekin aritu zen txapelketan, iaz Aresketa Gimnasia Elkartearekin entrenatu ostean. Berez, iaz 3. postua erdietsi zuen Arabako Txapelketan eta aurten nabarmen hobetu ditu emaitzak.
Iratiren amak, Berta Garridok, jakinarazi du gaztea oso pozik dagoela eta kalitate jauzia eman duela aurten. Hurrengo urtean, Sakoneta klubak federatuko du arakaldoarra, eta horrek aukerak emango dizkio estatu espainiarreko probetan ere egoteko.