Renfe eta Aldundiaren oztopoak gaindituta, iritsi da zuntz optikoa Arakaldora

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko urr. 5a, 08:26
Zuntz optikoa instalatzeko prozesua luzea izan da. / Jabi Asurmendi Sainz

Hiru urteko negoziaketen ondotik lortu dute zuntz optikoa jartzea.

"Ia hiru urteko lanaren ondoren" lortu dute zuntz optikoa jartzea Arakaldon. Hala azaldu du Jabi Asurmendi Sainz alkateak. Tarte horretan negoziaketak egin behar izan dituzte: "Eztabaida eta borroken ondoren lortu dugu zuntz optikoa. Lana ez da amaitzen, orain herri osora zabaltzea dagokigu, baina urrats erraldoia eta zailena eman da".

Zehazki, udaletxera eta etxe gutxi batzuetara iristea lortu dute, erdigunera. "Behin hori eginda Movistarrekin negoziatuko dugu berriro, hurrengo urtean herri osora zabaltzeko".

Negoziaketa luzea eta zaila
Prozesuari dagokionez, erakunde eta enpresa ugarirekin negoziatu behar izan dute. Horien artean daude Movistar edota Adif. Izan ere, instalaziorako trenbide eta errepidea gurutzatu behar ditu zuntzak. Horrek sortu dizkie arazo gehien. 

Komunikazioaren harira isolatuta egon da Arakaldo, Asurmendiren ustez: "Guri iristen zaigun sarea oso konexio kaskarrekoa da. Horregatik hasi ginen irtenbide bila: satelite bidezko konexioa... Lehiaketa Movistarrek irabazi zuen, eta horretara jarri ginen". Foru Aldundiak pausatu zuen proiektua orduan, lehen instalazioak abiatzean baimena ukatu baitzion Movistarri. Dena den, negozioazioen ondorioz, beharrezko baimenak eskuratu zituzten. 

Adif eta Renfe oztopo
"Horren ostean traba handiena Adif eta Renfe izan dira. Trenbidea zeharkatu behar zuen kableak, errepidearen gaineko zubitik". Hori dela eta, Renfek 100.000 euroko bermea eskatu zion Movistarri, bi arrazoi argudiatuta: trenbide gainetik igarotzea, eta zuntz optikoak sor zitekeen balizko arazoa.

Horrez gain, Adifek langile bat jarri zuen instalazio fasean azpiegitura ez kaltetzea ikuskatzeko, eta hori ere ordaindu behar izan zuen Movistarrek. "Movistarrek, hori ikusita, prozesuarekin zalantzak agertu zituen, ia atzera botatzeraino. Negoziaketen ondorioz lortu dugu Movistarrek baldintza horiek guztiak onartzea", aipatu du alkateak. 

Horretarako Adifekin jarri zen harremanetan Udala. Tokiko erakundeak trenbidea izateak eragiten dituen oztopoak jakinarazi zizkion gutun bidez Adifi: "Errepideko lur jauziak trenbidean, zarata, baimen oztopoak... Gainera, herriak ordaindutako geltokia da, ez Adifek. Zerbitzua eta erabiltzaile kopurua oso eskasa da. Erantzuna oso formala izan zen. Renfek zenbait obra egin ditu guri jakinarazi gabe". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide