Ibaiko zubia konpontzea izango da 2019ko obra nagusia

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko api. 1a, 19:28
Nerbioi ibai gaineko zubiaren zati bat konponduko du udalak. / Aiaraldea.eus

Arakaldoko zubiaren oinezkoen eremua konponduko dute, "argitasun, irisgarritasun eta segurtasuna hobetzeko". Horrez gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga murrizteko diru-laguntzak aurkeztu dituzte, baita hileta zibilen araudia ere.

302.252€ izango ditu Arakaldoko Udalak 2019an erabiltzeko. "Aurrekontuetan inbertsiotarako 34.000€ egongo dira", nabarmendu du Jabi Asurmendi alkateak. Obren artean zubiaren konponketa dago, espaloia berritzekoa, hain zuzen: "Herri Batzar batean hala erabaki zen. Foru Aldundiari zubi berria eskatu genion, proiektua bidali dute, baina luzerako joango da". Horregatik, oinezkoen bidea atontzeari ekingo dio udalak, "argitasun, irisgarritasun eta segurtasun aldetik oinezkoentzat erosoago izateko". Izan ere, errepidearen konponnketa Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. 

Horrez gain, osoko bilkurak bi araudi onartu berri ditu. Lehenbizikoak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga du ardatz. Hain zuzen, zergaren ordainketarako irizpide soziala ezartzea erabaki dute: "Familia kide kopuruen eta diru-sarreren arabera laguntza jasotzeko aukera izango dute herritarrek". Horretarako, baina, errolda eta errenta agiriak eraman beharko dituzte udaletxera. "Hiri lurren gainbalio tasa ere ezarri dugu, orain arte Arakaldon ez zegoen eta. Zerga soziala izanik araudia egitea ezinbestekoa zen", azaldu du Jabi Asurmendi alkateak. 

Hileta zibilak egiteko araudia
Bestalde, hileta zibilak ospatzeko jarraitu beharreko prozedura ere argitu dute: "Bilkura aretoan, herriko plazan edo frontoian egin ahalko dira. Udalak dituen baliabideak jarriko ditu eskura: aulkiak, soinu ekipoa...".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide