Ostiralean jaurti zuten txupinazoa Arakaldon. Jabi Asurmendi alkateak positiboki baloratu ditu festak, bai parte hartze aldetik eta baita giro onagatik. Larunbata izan zen egun nagusiena: eguerdian apar festa jarri zuten "umeentzat eta animatu ziren nagusientzat".
Festetako indargunea larunbat arratsaldea izan da aurten, alkatearen esanetan: "Jende asko etorri zen tortila lehiaketarekin, herri kirol parte hartzaileekin eta umeen rokodromo, ohe elastiko zein tirolinarekin. Giro polita egon zen plazan". Edozelan ere, arakaldoarrek jaiak aurrera ateratzeko egindako lana goraipatu du gobernu buruak.
Larunbat iluntze eta gauean kontzertuak izan ziren protagonista, eta gauerdian su artifizialak bota zituzten, "orokorrean jendea gustura geratu da, musika taldeak animatuak ziren".
Gaur egin dituzte bolo eta igel txapelketak edota herri bazkaria. Hala, datorren urtera arte agurtu dituzte festak Arakaldon.