Norten enpresako orubea eta eraikinak erosi dituen jabe berria -Ekin eraikuntza enpresa, alegia- lanean egon zen atzo han. Beharginek eraiste lanak egin zituzten eta pilatutako zaborra jaso eta erre zuten.
Arakaldoko Udalak azaldu duenez, antza, gauean horietako zabor multzo batean sua berpiztu zen kontrolik gabe, inor ez baitzegoen azpiegituretan.
Sortutako kea autobideraino heldu zen eta hango langile bat suhiltzaileekin harremanetan jarri zen. Ondorioz, larrialdi zerbitzuak lantegi ohira bertaratu ziren eta atea itxita zegoenez, Ertzaintzak sarrera bortxatu zuen sua itzali ahal izateko.
Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateak adierazi du Ekin eraikuntza enpresak azaldu duela Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Base Gorriaren baimen guztiak zituela. Hala ere, udala ikertzen ari da atzo gertatutakoa argitzeko.