“Oso ondo dago Espainian bosgarren sailkatzea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 6a, 10:39
Garazi Larrakoetxea. / Aiaraldea

GARAZI LARRAKOETXEA BETES (1994, ARAKALDO) atleta gisa lehiatzen aritu da azken urteetan Euskal Herrian zein nazioartean. Espainiako txapelketan bosgarren geratu zen duela bi aste. Denboraldi berriaren atarian, bere ibilbidea, sentsazioak eta erronkak azaldu ditu.

Espainiako txapelketatik itzuli berri zara. Gustura emaitzarekin?
Ez naiz gaizki aritu, baina gehiago espero nuen. Bosgarren geratu naiz, eta hori oso ondo dago. Alicanten izan zen lehiaketa abuztuko azken asteburuan. Altuera jauziko probak egin nituen nik, maila absolutuan.

Oraintsu amaitu duzu denboraldia. Balorazioa ona al da?
Niretzat denboraldi ezberdina izan da. Bospasei urte daramatzat Laudion eta Ermuan entrenatzen, baina orain Iruñean bizi naiz. Horregatik, ikasketak bukatu ditudanez aurten Iruñera joatea erabaki nuen otsailean. Aldaketa handia izan da, baina oso positiboa. Bertan prestatzen naiz orain, eta asko hobetu dut marketan. Lisboan Espainiako selekzioarekin egotea nazioarteko topaketan poza izan da. Dena den, nik ligak ditut nahiago, talde gisa joaten garelako.

Espainiako Selekzioak hautatu zaitu. Zer da zuretzat hori, aitortza, lorpena edo helburua?
Jauzia. Niretzat ez da inoiz helburua izan. Hautatua izateko aukera urrun ikusten nuen, baina ekainean nire marka hobetu nuen eta Espainiako lehen bosten artean geratu nintzen. Hiru pertsona hautatu gintuzten. Ez nuen inondik inora espero, eta poz handia hartu nuen.

Zein taldetan zabiltza egun?
Zaragozako Escorpio taldean. Bost urte daramatzat beraiekin. Atletismoan liga ezberdinak daude. Mailarik altuena ohorezkoa da. Ordura arte Bizkaiko talde batean nenbilen ohorezko mailan, baina kolokan eta desagertzear geratu zen taldea eta beste nonbait kokatzeko beharrean ikusi nuen nire burua. Zaragozako aukera atera zitzaidan orduan, proposamena jaso eta baiezkoa eman nuen.

Betidanik aritu zara altuera jauzian?
Txikitan Edu Frutosekin denetarik egiten genuen: krosa, luzera… Duela 9 urtetik hona altuera jauzia egiten dut bakarrik. Izan ere, altuera jauzian Espainiako bigarren sailkatu nintzen, eta zerbait polita lortzeko aukera ikusi nuen modalitate honetan.

Aire librean edo pista estalian, non aritzen zara gusturen? Zergatik?
Altuera jauzian denboraldiak bi fase ditu: pista estalikoa eta aire librekoa. Entrenamenduak irailean hasten ditugunez, udako txapelketetara -aire librekoetara- fisikoki prestakuntza hobearekin iristen gara. Arazoa eguraldia izaten da, Euskal Herrian euri asko egiten baitu. Pista estalian tenperatura eta baldintza egokiak bermatuta dituzu; baina nik nahiago dut aire librea.

Euskal Herrian altuera jauzian ba al da harrobirik? eta Aiaraldean?
Bai. Ohorezko mailan aritu nahi baduzu, ordea, kanpora jo behar duzu. Laudio inguruan Euskadi eta Espainiako txapelketetara sailkatzen diren atletak badaude. Hala ere, maila altuetan aritzeko ez ditugu baldintza onenak. Eguraldiagatik, esaterako, ezin dugu aire librean entrenatzeko koltxoirik zabaldu. Entrenatzaileei dagokienean ere, ez daude behar beste baliabide: Edu Frutosek ume eta modalitate asko ditu. Edozelan ere, gerta daiteke urtetik urtera jende berria gehitzea.

Alde teknikoa edo fisikoa, zein da gehien landu behar dena?
Biak. Fisikoa garrantzitsua da, baina teknika onik gabe ezinezkoa da markak hobetzea. Nik entrenatzailea aldatu dut eta asko nabaritu dut hori aurten.

Nola laburtuko zenuke zure kirol ibilbidea?
Hiru etapa bereizten ditut. Edu Frutosekin Laudioko Atletismo Klubean 15 urte arte egon nintzen. Oso etapa polita izan zen. Harekin lortu nuen bi aldiz Espainiako bigarren sailkatzea, eta 1.73 metroko marka. Gero, beste pauso bat ematea erabaki nuen, eta 7 urte inguru igaro ditut Antonio Cidekin Ermuan entrenatzen. Garai ederra izan zen, baina gogorra: astean hirutan joan behar nuen, eta Laudion entrenatu ere. Garai hartan Estatu Batuetara joan nintzen atletismoko beka batekin eta oso polita izan zen hori ere. Unibertsitatean, bidaiatzen eta entrenatzen ibili nintzen, eta asko gozatu nuen. Orain Iruñean nago eta oso pozik, bertan urte batzuk geratzeko asmoa dut.

Atletismo bekarekin Estatu Batuetan eman zenuen urtebete. Kirola eta ikasketak uztartzeko nahikoa baliabide al daude?
Hemen ez dut horrelako eskaintzarik ezagutzen. Unibertsitatean ikasten eta entrenatzen egotea sekulakoa da. Etxebizitza eta ikasketak ordaindu zizkidaten, eta bertan entrenatzeagatik prestatzailea, nutrizionista, fisioterapeuta… eskaintzen zizkidaten. Ameriketan erraztasun asko daude kirolean aritzeko: azterketak aldatzen dizkizute eta ez dizute oztoporik jartzen. Atletismoan laguntza asko daude, Estatu Batuetan beka asko baitaude kirolarientzat, eta berdin zaie bertakoei edo atzerritarrei ematea. Beka mota ezberdinak daude, beraz, aukerak atletismoan behintzat ere bai.

Kirolari izateko apustua egin duzu. Zer eman eta kendu dizu?
Lagunak eta familiarekin egoteko denbora kendu didate, baina toki askotara joan naiz. Gauza asko eman dizkit, ez zait iruditzen hainbesteko sakrifizioa egin dudanik.

Zein da atleta gisa zure erronka edo helburua?
Ez dut mugarik jarri nahi, datorrena datorrela, polita litzateke markak hobetzen jarraitzea. 1,79 izan da nire emaitzarik onena gaur arte.

Errekorrak hobetzea hain zaila al da?
Bai. Espainiako marka 2 metroan dago. Nik 1.73 metroko saltoarekin lortu nuen Arabako marka haustea. Orokorrean, errekorrak edo markak hobetzea presioa da. 1.80ko jauzia lortzea niretzat beste maila batera pasatzea da. Gutxinaka espero dut hurbiltzea, dena den.

Zer du zuretzat altuera jauziak beste modalitateek ez dutena?
Niri saltoak asko gustatzen zait: jauzi hirukoitza, luzeerakoa edo altuerakoa. Teknikoki egia da bereziak direla, landu egin behar dira. Ikusteko eta praktikatzeko politenak iruditzen zaizkit.

Denboraldi berria aurki hasiko duzu. Zer nolako sentsazioarekin helduko diozu?
Iraileko bigarren hamabostaldian ekingo diogu prestatzeari. Abuztuaren amaieran bukatu genuen aurrekoa, beraz, bi asteko atsedena soilik izango dugu. Orain, oporretan bakarrik nahi dut pentsatu. Aurten lasai hastea espero dut, baina aurredenboraldiak beti dira gogorrak. Sesio eta entrenamendu gogorrak izaten ditugu abendura arte, abiadura eta indarra lantzeko. Txapelketa garaian, erritmoa jaitsi ohi dugu, lehiatzera nekatuta ez iristeko. Bi hilabete gogor datozkit, beraz.

Eta pertsonalki?
Espektatiba altuekin. Ikusita otsailetik hona asko hobetu dudala, urte osoa izateak topera entrenatzeko motibazio asko ematen dit.

Nolakoak izango dira zure datozen hilabeteak?
Denboraldia atletismoan faseka bereizten da. Bi edo hiru hilabete eskaintzen dizkiogu aurredenboraldiari. Gero, indarra lantzen hilabete ematen dugu, eta beste bat abiadura azkartzeko. Azken fasea, berriz, lehiatzera bideratzen dugu. Azken hau izaten da errazena, egindakoaren emaitzak jasotzen baitira.
Lehen hiru hilabeteetan, esaterako, ez dugu jauzirik egingo, koltxoneta ukitu gabe egongo gara pesak eta korrikaldiak egiten.

Eta prestaketari dagokionez?
Indarra handitzeko pesetan oinarritzen gara. Abiadurarako, aldiz, korrikaldiak antolatzen ditugu, serie ezberdinetakoak. Txapelketak egitean errepikapen gutxiago egiten ditugu, baina pisu handiak altxatuta.
Espezialitatearen arabera entrenamenduak ezberdinak dira, baita pertsonaren arabera ere (pesetako pisuari dagokionean).

Zure esperientzia ikusita, zein mezu zabalduko zenioke atletismoan dabilenari?
Kirol gehienen oinarria da atletismoa. Azkenean, funtsa korrika eta salto egitea da. Euskadi mailan zein kanpoan txapelketa asko eta oso politak daude. Nik jendea animatu nahiko nuke, gauza eta esperientzia oso politak lor litezkeelako. Laudioko Ellakuriko pistetan, gainera, talde polita dago, jende asko, eta modalitate guztiak probatzeko aukera. Guztiak animatzen zaituztet bertaratzera!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide