Arakaldoko azken Udal Osoko Bilkuran onartu zuten herriko taberna eginkizun berrira bideratzea. Izan ere, hemendik aurrera txoko moduan baliatu ahal izango da. Horretarako obra egin zuten eta orain erabilera anitzekoa da higiezina, barra kendu ostean.
Udalerrian bertan erroldatuak daudenek zein kanpokoek aukera izango dute 24 orduz errentan hartzeko. Hori bai, arakaldoarrek 35 euro ordainduko dituzte egun batez alokatzeko eta gainerakoek 60 euro. Aurretik 100 euroko bermea utzi beharko da. Lokalak gasezko sukaldea eta egurrezko labea dauzka, eta, horrez gain, bi jangela handi eta komuna ere baditu.Interesdunek Arakaldoko Udaletxera deitu beharko dute eskaera egiteko.