Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria. Hala erabaki dute gaur Durangon eginiko Batzar Orokorrean. Erakundearen batzorde eragile osoa berritu dute bertan. Gauzak hala, Asurmendi ez da izango Udalbiltzaren zuzendaritzan egongo den aiaraldear bakarra, Lamia Arcas (Laudioko EH Bilduko zinegotzia) ere hautatu baitute batzordean egoteko, beste bederatzi ordezkari politikorekin batera.
Udalbiltzak datozen urteei begira dituen erronkak izan ditu hizpide Asurmendik, kargua hartu ondoren eginiko hitzartzean. “Elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza guzti honi nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu; Herrietatik eta kontzejuetatik gertu egon garen eta lekuan-lekuko arazoei aurre egiten laguntzeko prest gauden erakundea gara”, nabarmendu du Arakaldoko alkateak. Zentzu horretan, “lurralde desorekei” eta “herri txikien despopulazioari” aurre egitearen beharraz mintzatu da. “Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz”.
Gaur egun, 1100 hautetsi inguruk eta 77 udalerri partzuergokidek osatzen dute Udalbiltza.