Asteburu honetan ziren ospatzekoak Arakaldoko jaiak, baina bertan behera geratu dira, koronabirusa dela eta. Festen ordez ekitaldi kulturalen bat antolatzea zen udalaren hasierako asmoa, baina halakorik ez egitea erabaki dute azkenean.
“Denok dakigun bezala, aurten osasun krisialdiak zuhur jokatzea eskatzen digu”, azaldu dute tokiko erakundeko kideek, eta azken egunetan COVID-19 kasu berriak agertu direla nabarmendu dute. Horregatik hartu dute ekitaldi publikorik ez egitearen erabakia: “Udal gobernutik ez dugu ikusten egoerak eskatzen duen zuhurtzia eta ziurtasun neurriak bermatu ahal izango direnik”.
Hala ere, udalak herritar guztiak zoriondu nahi izan ditu, euren “jarreragatik eta arduragatik”. “Krisialdiaren hasieran esaten genuen bezala, dena ondo aterako da, denon artean lortuko dugu eta elkar zainduko dugu. Datorren urtean gogo handiagorekin hartuko ditugu gure jaiak eta bikoitza gozatuko ditugu”.