Nerbioi ibaian arrain hilak agertu dira berriro

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 21a, 09:00

Ostiral eta larunbatean bi salaketa jaso ziren Ertzaintzan, ibaiaren usain txarraren ondorioz. Larunbatean, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo artean arrainak hilda agertu ziren, URAk aitortu duenez. Uren egoera eskasaren eta beroaren arteko anoxiagatik -oxigeno falta- izan daiteke, argitu dutenez.

Irailaren 18an eta 19an -ostiral eta larunbatean, alegia- bi kutsadura kasu salatu ziren Aiaraldean. Ostiral goizean 8:50ak inguruan deitu zuen partikular batek Ertzaintzara, ibaia beltz eta usain txarrarekin zihoala salatzeko. Ertzaintzako prentsa bulegoak azaldu duenez, patruila bat bertaratu zen, "eta egoera konprobatu ostean ur gutxi zegoela ikusi zuten".

Horregatik, SOS Deiakera bideratu zuten kasua, URAko teknikariak abisatzeko. Ingurumenaren eta ibaiaren zenbait afera, ordea, Diputazioko mendi sailak kudeatzen ditu; eta basozainari dagokio esku hartzea horrelakoetan. Hargatik, basozaina gerturatu zen Arakaldo parera gertutakoa aztertzera.

Biharamunean, berriz, beste salaketa bat jazo zen. Ertzaintzaren hitzetan, Arrankudiaga eta Arakaldo artean Nerbioi ibaiak kolore berdea zuela eta arrain hilak zeudela jakinarazi zien beste partikular batek, 9:30ak aldera. Ohiko prozedura baliatu zuten: Ertzaintza joan zen, eta URAko teknikariak bertaratu ziren ostean, lagina hartzeko. Ondoren, Larrialdi Zerbitzuak arduratu ziren arrainak kentzeaz. Herritar batzuek, ordea, salatu dute ez zituztela animali guztiak kendu.

URAren erantzuna

"Laginak hartu ditugu hainbat puntutan, ura aztertzeko. Litekeena da anoxia (oxigeno falta) izatea erantzulea, uren egoera eskasagatik (emari gutxi, uraren egoera eskasa eta beroa batera ematean,  anoxia izan daiteke). Baina, aztertu behar da balizko isurketaren bat egon ote  den, hipotesi hori erabat baztertzeko", adierazi dio URAk Aiaraldea Hedabideari.

Argazkiak: Zadorra Bizirik eta Gartzen Garaio Atxurra

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide