Tokiko produktuak prestatzeko tailerra datorren larunbatean, Arakaldon

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 24a, 09:00
Arakaldoko txokoan egingo dute ikastaroa. / Arakaldoko Udala

Sukaldeari lotutako ezagutzaren transmisioa sustatzea izango da ekimenaren xedea. 

Tokiko elikagaiak nola prestatu ikasteko ikastaroa eskainiko du Nagore Lazaro nutrizionistak datorren urriaren 31n Arakaldoko udal txokoan. 17:00etatik 19:30era luzatuko da saioa. Parte hartzeko beharrezkoa izango da 50 euroko matrikula ordaintzea.

Parte hartzaile guztiek errezeta liburua jasoko dute, tailerrean ikasitakoa etxean praktikan jarri ahal izateko. Urriaren 25a baino lehen eman behar da  izena Whatsapp mezu bat (688 78 07 01 edo 607 43 44 52 telefonora) edo info@errilur.info helbidera idatzita. 

14 pertsonentzako aforoa egongo da, eta uneoro errespetatu beharko dira COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak. Horrez gain, haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da, aldez aurretik abisatuta. Nabarmendu dutenez, plaza gutxi geratzen dira libre. 

Tokiko eta garaiko elikagai ekologikoekin “plater berriak eta berritzaileak” egiten ikastea da antolatzaileen helburua. Sukaldeko ezagutzaren transmisioa galtzen ari dela uste dute Errilurreko kideek, “herritarrak fast-foodera kondenatuz”.

Horregatik egin dute ikastaroa, bertan ikasitakoa gero egunerokoan praktikan jarri ahal izateko. “Hizlaria sukaldaria eta nutrizionista da. Beraz, aholku batzuk ere emango dizkigu, elikagaiak nutrizio aldetik orekatzeko”.

Ekimen gehiago

Urriaren 31koa ez da ekimen isolatu bat izango, aurreratu dutenez: “Aurrera begira gehiago antolatuko ditugu, ekoizpenari zein kontsumoari begira”.

Elikadura burujabetzak horrelako ekintzen beharra duela azpimarratu dute. “Hurrengoa hausnarketa jardunaldi bat izango da. Berriki argitaratutako txosten baten arabera, baserritarren %60 ez da heltzen soldata minimoa izatera, asteko 52 ordutako jardunaldiak betetzen dituen eta etxekoen debaldeko laguntza jasotzen duen arren. Honek hausnarketa eta konponbidea behar ditu”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide