Eguzki plakak jartzea, Internet sare publikoa instalatzea eta Arrankudiagaraino bidegorria eraikitzea izango dira Arakaldoko Udalaren aurtengo erronka nagusiak

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 22a, 16:00
Frontoian egin zuten batzarra. / Jabi Asurmendi

440.000 eurokoa izango da aurtengo udal aurrekontua, “Iazkoa baino dezente handiagoa”, Jabi Asurmendi alkatearen hitzetan. 

Herri batzarra egin zuen Arakaldoko Udalak iragan astean. 28 bizilagun inguru bertaratu ziren bilerara, Jabi Asurmendi alkatearen hitzetan. Aurtengo aurrekontu proiektua izan zuten hizpide. “440.000 eurokoa izango da udalaren aurtengo plangintza ekonomikoa”, aurreratu zuen gobernu buruak, “iazkoa baino dezente handiagoa izango da, aurten autopistaren Ondasun Higiezinen gaineko Zerga kobratuko dugulako lehenbiziko aldiz”. 

Eguzki plakak 

“Bi burujabetza proiektu garrantzitsu” jaso dituzte aurrekontuetan, Asurmendik azaldu duenez. Alde batetik, eguzki plakak jarri nahi dituzte eraikin publikoetan. “Udaletxea, bolatokia, txokoa, frontoia eta uraren ponpatze sistema elektrizitatez hornitzeko balioko du proiektuak. Ekoizten dena baino energia gehiago behar izanez gero saretik hartuko da, Goiener bidez. Era berean, eguzki plakek behar baino energia gehiago ekoizten badute sarera botako da soberakina, konpentsazio baten truke”.

14.000 euro baliatuko dituzte plakak jartzeko, eta lanak 11 urtetan amortizatuta egotea aurreikusi dute. “Hala ere, plakek 30 urte inguru irauten dute, eta denbora horretan udalak 26.000 euro inguru aurreztuko lituzke orotara”. Dena den, alkateak nabarmendu du garrantzitsuena ez dela diru gutxiago gastatzea, “energia berriztagarriak sustatu eta deskarbonizazioan laguntzea” baizik. 

Eguzki plaken bidez eraikin publiko guztiak hornitu nahi dituzte: udaletxea, bolatokia, txokoa eta frontoia, besteak beste

Internet sare publikoa

Internet sare publikoa ere atondu nahi du udalak, 18.000 euroko inbertsioa eginda. “Sare hori ez da telefono enpresa batena izango, udalarena baizik”, azaldu du Asurmendik. Modu horretan, arrakala teknologikoa txikitu nahi du udalak. “Bizilagun batzuek ez dute Internetik estaldura etxera iristen ez delako. Beste batzuek, aldiz, baldintza sozioekonomikoengatik egin diote uko konexioa izateari”. Gauzak hala, kasu horiei aterabidea eman nahi diote sare publikoarekin. 

Bidegorria

Bestelako lan batzuk egitea ere aurreikusi dituzte, dena den. Arakaldotik Arrankudiagara doan bide zahar bat berritu nahi du udalak aurten esaterako, bidegorria atonduta. 100.000 euro baliatuko dituzte guztira proiektu horretan, baina Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroko laguntza emango du. 

Euko Jaurlaritzak 80.000 euroko laguntza eman dio udalari Arrankudiagaraino luzatuko den bidegorria atontzeko

Ur-sareko lanak

Uraren sarearen hainbat lan egitea  proposatu du tokiko erakundeak. “Arakaldo ez dago ur-patzuergoaren barruan, bere kabuz kudeatzen du ura”, erantsi du gobernuburuak, “ur biltegitik hartzen da ura, eta gehiago behar bada ponpatzen da, ur-hartune batzuetatik”. Hartune horiek berritu eta zentralizatu nahi dituzte, eraginkortasun energetikoa bermatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote hori egiteko diru-laguntza. 

HAPOa berritzea

Edozelan ere, Hiri Ordenamendurako Plan Orokorra berritzera bideratuko dute aurrekontuetako diru partidarik handiena. 110.000 euro erreserbatu dituzte lehiaketa publikoa egiteko. Plana berritzearen prozesuak “hiruzpalau urte” iraungo ditu udalaren hitzetan, "eta parte hartzailea izagno da, datozen hamarkadetako Arakaldo hirigintza ikuspegitik nolakoa izango den definituko delako”. Alkateak aipatu duenez, udala legez derrigortua dago plana berritzera, orain indarrean dagoena lurzoruaren legea berritu baino lehen burutu zelako.

Proposamena, plenora 

Batzarrean aipatutako proposamen guztiak plenora eramango ditu udal gobernuak, bertan ofizialki onartuak izan daitezen. Otsaila amaieran edo martxoa hasieran egingo dute bilkura.  

Hondakinen sistema birpentsatzea

Hondakinen kudeaketa ere izan zuten hizpide batzarrean, aurrekontuetatik gaitik kanpo. Herrian dagoen zabor bilketa sistema birpentsatzeko beharra plazaratu zen, errefusara hondakin gehiegi sartzen direlako. “Hondakinak gaika botatzeko bi puntu baino ez daude herrian”, mahaigaineratu zuen Asurmendik, eta aipatu zuen udalerritik kanpoko zabor ugarik ere bertan amaitzen dutela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide