19:30ak aldera iritsi ziren atzo Arakaldoko herrigunera menditik Mari Domingi eta Olentzero. Txistulariek eta trikitilariek lagundu zituzten erdigunera, eta udaletxe aurrean egin zieten harrera umeek. 'Katalina' astoak bultzatu zuen gurdia, eta opari eta poztasun zakukada banatu zizkieten bertaratutako lagun denei.
'Katalina' astoak ekarri zituen Mari Domingi eta Olentzero Arakaldoko plazara
Sorginlarren taldeko momotxorro eta erraldoiak ere hurbildu ziren hitzordura. Magiaz betetako iluntzea igaro zuten, osasun eta segurtasun neurriak mantenduta: Mari Domingi eta Olentzeroren aurrean eseri ahal izan ziren nahi izan zuten ume guztiak eurekin solastera, distantzia bermatuta.
Konfinatuta zeuden ume batzuei ere bidali zieten mezua Mari Domingik eta Olentzerok, familia batek hala eskatuta. Ordu eta erdi hizketan pasa ostean, mendira itzuli ziren, gabon gaueko lan guztiekin jarraitzeko.
Argazkiak: Jabi Asurmendi Sainz