JABI ASURMENDI

“Araztegi ekologiko bat egiteko aukera aztertu nahi dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 27a, 07:00

Oso herri txikia da Arakaldo, baina hainbat proiektu ditu bertako udalak esku artean. JABI ASURMENDI SAINZ alkateak azaldu ditu egitasmoen nondik norakoak.

2020 eta 2021 urteak bereziak izan dira, pandemiaren eraginez. Nola bizi izan dituzue?

Guk ez ditugu izan beste udalerri batzuetan egon diren kudeaketa arazoak, ez dagoelako eskola edo tabernarik. Elkar-zaintzan eta herri ikuspegia indartzean zentratu gara. Gezurra dirudien arren, arazoa zena aukera bilakatu zen. Ezin ginen herritik atera eta hainbat adinetako bizilagunak elkartzea ekarri zuen horrek. Azken finean, onartu beharra dugu denok egiten dugula bizitza Arakaldotik kanpo.

Ikusi genuen haurrena zela pandemiak gehien zigortutako kolektiboetako bat. Horregatik, saiatu ginen gure jarduna ume eta nagusiengan zentratzen. Topaketa telematikoak egin genituen Porrotxekin eta Hodei magoarekin, bideo-konferentzia bidez. Garai horretan erabaki genuen Oinherri sarean sartzea, eta dena uztartu genuen horrela: haurtzaroa, prozesu hezitzailea... Pertsona nagusiei, aldiz, banan-banan deitu zitzaien, zein behar zituzten jakiteko. Horrez gain, umeak animatu genituen marrazkiak egitera, gero pertsona nagusien artean banatzeko. Oso ekimen polita izan zen hori, nagusi askok deitu zuten udaletxera, hunkituta.

Bestetik, konfinamenduan argazkiak egitera animatu genuen herriko jendea, eta egutegia osatu genuen jasotako irudi guztiekin.

Hirigintzak garrantzi handia du gure eguneroko bizitzetan, eta pandemia garai honetan are gehiago nabaritu da hori. Ikusi da zein garrantzitsua den espazio irekiak izatea eta masifikazioa saihestea. Zentzu horretan, agerian geratu da herri batean bizitzea ez dela hain txarra (barreak). Hala ere, askotan murrizketa berdinak ezarri dira udalerri handi eta txikietan, errealitateak oso ezberdinak diren arren.

"Arakaldoko industriagunean akats batzuk egin ziren iraganean, eta horiek errepikatzea ekidin behar dugu

Arakaldoko industriagunea ezerezean geratu da azken hamarkadan, Norten enpresaren itxieraren ostean. Zer etorkizun ikusten diozu espazio horri?

Industriagunearen azalera oso handia da Arakaldok zuen hedadurarako. Lurzoru hori pribatua da eta eraikin enpresa handi batek erosi du. Eraisketa lanetan dabiltza, pabilioi bat eraikitzeko, lortzen duten bezeroaren araberako ezaugarriak izango dituena. Udaletik bi marra gorri jarri ditugu mahai gainean edozein gauza eskatzen badigute. 

Lehena, kamioiak herriaren erdigunetik ez pasatzea. Horretarako, pabilioiak zuzeneko sarbidea izan beharko luke errepide orokorretik. Gainera, etorkizunean zubi berria eraikitzen bada, ingurune hori oinezkoentzat ahalik eta aproposena izatea nahiko genuke. 

Bigarren baldintza Nerbioiko ibaiertza berreskuratzea izango litzateke. Ez dago proiektu finkorik mahai gainean, eraikitzailearen esku dago. Gu ahalik eta gehien laguntzen saiatuko gara, herriaren interesak kontuan hartuta betiere. Interesatzen zaigu ingurunea ahalik eta lasterren berreskuratzea, estetikoki zein enplegu edo berpizkunde ekonomikoaren ikuspegitik. Uste dugu eskualdearentzat onuragarria izan daitekeela, baina baldintza batzuk beteta. Iraganean akats batzuk egin ziren eta horiek errepikatzea ekidin behar dugu. 

Zeintzuk izango dira udalaren 2022rako plangintzaren ildo nagusiak?

Abenduan esleituko dugu Arrankudiaga eta Arakaldo lotuko dituen bidegorriaren proiektua. Hori bazen aurtengo proiektu potenteetako bat, eta 2021-2022 urteen artean gauzatuko da. Eguzki plaka batzuk ere jarri ditugu udaletxeko teilatuan, helburu batekin: udalak kontsumitzen duen energia ia guztia berriztagarria izatea, dirua zein inpaktu ekologikoa murrizteko. 

Gure asmoa 2022an urrats bat harago joatea litzateke. Formulak planteatuko ditugu eguzki plakak jarri eta herritarrak energia-sistema horretara batu ahal izateko. Antzeko proiektu bat planteatu nahi dugu Internetarekin, sare herritar bat sortzeko. 

Beste gauza batzuk ere ditugu esku artean, oraindik oso garatuak ez daudenak. Arazo bat dugu ur-zikinekin. Badirudi Aiaraldeko araztegiaren proiektua behingoz aurrera doala, baina hori Orozko edo Aretaraino iritsiko da. Ugaotik aurrera ur guztiak Galindora doaz eta Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo erdian geratzen dira. Guk oso argi dugu ez dugula Bilboko Patzuergoan sartu nahi, uste dugulako urak guk kudeatu behar ditugula. Araztegi ekologiko bat egitea aztertu nahi dugu, baina oso hastapenetan dago gaia. Hasi gara aurrekontuetan lanean, 2022 hasieran onartuko dira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide