Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Oso gogotsu gaude 'Agur eta dolore' Faktoriako oholtzan taularatzeko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 20a, 08:00

Urtarrilaren 22an Faktorian izango da Miren Gaztañaga. / M.G.

MIREN GAZTAÑAGA (Irun, 1979)  Faktorian izango da urtarrilaren 22an Agur eta Dolore antzezlana taularatzen. Arakaldon bizi da aktorea gaur egun, eta antzerkiaren sormen prozesuaz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Agur eta dolore antzezlana taularatuko duzue Faktorian. Zer lantzen duzue obran?

Kamikaz Kolektiboa eta Ttak-ek elkarlanean sortutako pieza da  Agur eta dolore. Urte batzuk atzera hasi ginen antzezlana mamitzen. Iraia Elias eta bion arteko elkarrizketa batzuetatik sortu zen hura egiteko aukera.

Eliasek eta biok hainbatetan hitz egiten genuen euskal kulturan dauden totem erraldoi ikusezin horien inguruan. Figura zaharkitu, pisutsu eta maskulinoak oro har. Hauek kuestionatzeko beharra genuen, zalantzan jartzeko beharra. Obraren izenburuak ere figura jainkotar horiei egin nahi die erreferentzia: “agur eta ohore” esamoldetik dator. 

Gauzak horrela zerbait egiteko beharra ikusi genuen, eta jainkotutako figura horiek umoretik zalantzan jartzeko antzezlan bat egitea okurritu zitzaigun. Brainstorming prozesu batean sartu ginen orduan. 20-25 minutuko antzerki laburra da, oso arina, jolas eszeniko askorekin

“Emakume sortzaileen artean sortutako obra da, gure lan egiteko modu propioaz”

Nolakoa izan zen sormen prozesua?

Gauza asko probatu genituen. Elementu desberdinekin esperimentatu genuen. Hasieran poxpoliñaz janztea probatu genuen. Ideia berriak esperimentatuz eta alboratuz osatu genuen gure antzezlana. Gerora Amancay Gaztañaga batu zen proiektura. Amancayk kanpoko begirada bat eskaini zion Iraiak eta nik osatutako lanari. Prozesu oso horizontala eta aberasgarria izan zen. Antzezlanaren sorkuntza prozesuan azken bultzada Bilboko Pabellón 6 espazioak antolatzen duen antzerki laburren lehiaketara aurkeztea erabaki genuenean eman genion. Hilabete eman genuen buru-belarri obrari forma ematen. Lehiaketara aurkeztu eta irabazi genuen Pabellón 6-ek ematen duen Kriseilu Saria.

Oso proiektu aberasgarria izan da: bi neska sorkuntza prozesu batean murgilduta, ezarrita dauden harresi kultural desberdinak gainditzen. Oso harro gaude sortutakoaz. Emakume sortzaileen artean sortutako obra da, gure lan egiteko modu propioaz, lan egiteko modu hegemoniko eta maskulinoak gaindituz. Lan-gogo eta nahi asko jarri dugu. Gizartean esploratzen ari garen gakoak jorratu ditugu: helburuetatik harago autozaintzari garrantzia emanez. Gure utopiak irudikatuz, nondik gatozen eta nora nahi dugun joan aztertuz.

Totem mugiezin asko kuestionatzen dituen obra izanik, zer nolako harrera izan du  antzezlanak?

Harrera oso ona izan da. Umorea du ardatz eta kode surrealistan ere mugitzen da zertxobait. Beraz, kuestionatze hori, argia den arren, ez da zuzena, transbertsala da. Asko zoriondu gaituzte egindako lanagatik. Obraren osteko solasaldietan behin baino gehiagotan esan digute “asko barre egin dut, baina egia da elementu hau eta bestea zeinen errotuta ditugun euskal kulturan”.

Gogotsu zaudete Agur eta dolore Faktorian aurkezteko?

Bai, erabat. Aiaraldean bizi naiz ni orain, eta proiektuko bazkide ere banaiz, ilusio handia dut antzezlana Faktorian aurkezteko. Bada denbora ez dugula Agur eta dolore  taularatzen, hitzordu berezia izango da oso.

Aiaraldera bizitzera etorri nintzenean ez nuen proiektua ezagutzen. Bilera batera hurbildu nintzen espaziora eta orduan ezagutu nuen. Oso proiektu konpletoa eta aberatsa iruditzen zait; potentea eta anbiziozkoa. Faktoriako oholtzari dagokionean, eskaintzen dituen zirrikitu guztiak aprobetxatzen saiatuko gara gure emanaldian zehar. Antzezlanaren ostean, gainera, kolokio bat egingo dugu ikusleekin, ziur nago hausnarketa oso interesgarriak aterako ditugula bertatik.

Pandemiak erabat kolpatu du kultura. Nola bizi izan dituzue zuek azken bi urte hauek?

Pandemia hasi baino pixkat lehenago utzi genion Agur eta dolore  antzezteari, beste proiektu batzuetan murgiltzeko.  Pandemiak eragindakoa oso potentea izan da eta debate handiak ireki ditu. Nik, zorionez lana izaten jarraitu dut; ETBk ekoiztutako telesail batean parte hartu nuen, etxetik grabatutakoa zuzenean, eta gerora Arriagan izan dut lana. Badakit, ordea, egoera ez dela hain xamurra izan sortzaile guztientzat.

Espazio txiki eta autogestionatuek ere egundoko zailtasunak izan dituzte aurrera egiteko, eta aplikatutako neurriek ez diete inondik inora erraztasunik eman.

Baduzu proiektu berririk esku artean?

Bai, badaukat. Une honetan obra berri bat prestatzen ari gara Arriaga Antzokian lan egiten dugun 11 aktore, Calixto Beito zuzendari artistikoaren gidaritzapean. Shakespeareren erregen tragediak interpretatuko ditugu. Otsailaren 10ean estreinatuko da ikuskizuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide