ERREPORTAJEA

Aiaraldean energia berriztagarriak jartzeko aukerak aztertu ditu Udalbiltzak

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 8a, 13:30

Arakaldoko Udaletxean egin zuten aurkezpena, atzo. / Aiaraldea.eus

Udalbiltzak sustatuta, eskualdeko energia kontsumoa ikertu eta aukera berriztagarriak ezartzeko aukerak aurkeztu dituzte.

Duela bi urte abiatu zuten ikerketa Aiaraldeko energia kontsumoa aztertzeko. Helburua, energia berriztagarriak eta ekonomikoki zein ingurumen aldetik jasangarriak izan daitezkeenak identifikatzea da. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Arakaldoko Udaletxean. 

Ander Etxebarria Izaga eta Aitor Urresti Gonzalez aritu dira ikertzen, eta energia eolikoa, bioenergia, geotermia eta energia fotovoltaikoak aztertu dituzte. Kontsumo guneak 5 zatitan bereizi dituzte: bizitokiak, lehen sektorea, bigarren sektorea, hirugarrena eta garraioa. Horretarako, energia kontsumoa jaso dute lehenbizi: energia termikoa eta elektrikoa dira gehien kontsumitzen direnak (gas naturala, petroleoak, energia elektrikoa eta berriztagarriak). “Datu energetikoak proportzionalak dira herri bakoitzeko biztanleriarekin”, zehaztu du Etxebarria Izagak. 

Sektoreka aletu dute kontsumoa. "Lehen sektoreko egoera kalkulatzean, balantze energetikoan petrolioa eta deribatuak nabarmentzen dira (%89), garraio eta makinarian erabiltzen direlako batez ere”. Bigarren sektorean energia elektrikoa (%35) eta gasa (%43) gailentzen dira.  "Hirugarren sektorean, argia edo energia elektrikoa da nagusi, %89 inguru hain zuzen. Garraioan, petrolioa eta deribatuak gailentzen dira, %95 hain zuzen. Energia berriztagarriek badute pisua, baina gutxi da oraingoz, %3", azaldu dute.

Potentzial eolikoa, bioenergia eta fotovoltaikoak

Potentzial eolikoari dagokionean, Gorobeleko mendilerroa azpimarratu dute. "Haize norabide predominantea eta batazbesteko abiadurak kalkulatzea izan da helburua. Gorobeleko zerrak ekoitziko luke energia gehien, baina erabakia instituzioek hartu beharko dute. Gorobelen 60 sorgailuko parkea jarrita, produkzioaren %1,59arekin lehen sektorearen kontsumo energetikoa hornitu ahalko litzateke", ondorioztatu dute.

"Gorobelen 60 aerosorgailu jarrita, lehen sektorearen kontsumo energetikoa hornitu ahalko litzateke %1,59ko produkzioarekin, baina hori Aiaraldeak erabaki beharko du"

Bioenergiaren alorrean, berriz, bailarako ezaugarriak nabarmendu dituzte: "Pinua da Aiaraldeko zuhaitz ugariena. Egur hondakinetatik eratorri daitekeen energia kalkulua ere atera da, eta hortik energia asko atera daiteke”. Geotermia potentziala, aldiz, herri bakoitzaren lur zoruaren araberakoa da, Etxezarragak azaldu duenez. 

Energia fotovoltaikoa ere jorratu dute, prozesua luzea izan bada ere. Izan ere, 3 multzotan bereizi dute lana: "Eguzki energia fisikoa (herriko erradiakzio guztia), eguzki energia teknologikoa (plaka fotovoltaiko bidez kalkulatzen da), eta eguzki energia ekonomikoa. Udan dira errentagarrienak mota honetako instalazioak. Urtarrila eta otsailean errendimendu gutxi duten arren”.

Trantsizio energetikorako aukerak, sektoreka

Ikerlariek adierazi dutenez, Aiaraldeko herri guztietara ez da gas naturala heltzen. Hargatik, kontsumo azterketa egin ondotik trantsizio energetikorako aukerak mahaigaineratu dituzte.

Lehen sektorean, garraio eta makinarian oinarritzen denez, petrolio eta deribatuak kontsumitzen dira. "Ibilgailuak elektrifikatzea izan daiteke jarraitu daitekeen estrategia, eta horretarako dauden erremintak energia berriztagarriak energia eolikoa, agrovoltaikoa edo bioenergia dira. Agrovoltaikoaren bidez, nekazal eta abeltzaintza guneetan panel fotovoltaikoak jarri daitezke, bertako fauna eta floran ez eragiteko". Era berean, bioenergiaren bidez, bertoko zuhaitz edo materiak bero termikoa lortzea da helburua.

Bigarren sektorean, ostera, industrietan erabiltzen diren prozesuen "eraginkortasuna" bilatu beharko litzateke, ikerlarien aburuz, ekonomikoki eta ingurumen aldetik egokiagoak izateko: "Energia eolikoa, bioenergia, efizientzia energetikoa eta hidrogenoa izan daitezke etorkizunerako erregaiak. Gorobeleko energia eolikoaren %20arekin 2. sektorea hornitu ahalko litzateke". Bestalde, bioenergiaren aukera aztertzearen alde agertu dira, industrian ohikoa izan ez arren. "Hidrogenoa etorkizuneko aplikazioa da, garraio eta merkataritzan erabiltzen da gehiago, baina industrian ere balio dezake", erantsi dute.

"Aiaraldean energia eolikoa jarri behar izanez gero, kontsumorako beharko litzatekeena baino gehiago jasoko litzateke, baina sekulako ingurumen inpaktua izango luke"

Azkenik, hirugarren sektorea behatu dute, bizitokiekin batera. Alabaina, laginean sakontzearen beharra azaleratu dute, estimazioak baliatu baitituzte ondorioak ateratzeko. "Herri nagusietako etxebizitza asko 1970eko hamarkadan sortutakoak dira, eta beraz, efizientzia energetikoa ez da garatzen, antzina ez zelako bestelako legeekin efizientzia energetikoa kontrolatzen". Zentzu horretan, interesgarritzat jo dute ikerketa eguneratua egitea, "kalkulu zehatzak atera beharko liratezke, proiektu egokiak eta doituak sortzeko".

Garraioa da, ezbairik gabe, energia gehien kontsumitzen duen sekotrea. "Petroleoa eta deribatuak kontsumitzen dira batez ere, eta gaur egun geroz eta gehiago zabaltzen ari diren kotxe hibrido eta elektrikoak daude. Aukera ona da emisioak ekiditeko, errendimendu hobeak dituztelako, energia primarioaren aurrezpena eraginez, eta emisioak ekidinez".

Ondorioak

Zenbakiak zenbaki, trantsizio energetikorako konpromisoa eta laguntza udal eta instituzioen eskutik etorri behar da, ikerlarien hitzetan: “jendeak laguntzak behar ditu, eta erakundeen babesa behar da horretarako”. Ondorioei ere eskaini zieten tartea aurkezpenean:

  • "Aiaraldean energia eolikoa jarri behar izanez gero, kontsumorako beharko litzatekeena baino gehiago jasoko litzateke, baina sekulako ingurumen inpaktua izango luke. Eolikoa jartzea Aiaraldeak erabaki beharko luke, ordea". Gune babestua izanik, bertako eragin eta kalteak kontrolatu beharko liratezke lehenbizi, adituen iritziz, "inguruko fauna eta floran izango lukeen inpaktua kalkulatzeko".
  • Energia fotovoltaikoak aurrerapen handiak izan ditu teknologia ikuspegitik. "Eskualdean izan ditzakeen aukerak ikusi beharko liratezke, eta gaur egungo ikerketaren parametroak eguneratu. Fotovoltaikoen azterketa teilatuetan jartzeko bakarrik egin da". 
  • Bioenergiaren alorrean, lehengaiak ustiatzeko basoen jabetza da arazo nagusia: "Inguruko baso asko pribatuak dira, eta nahiko zaila litzateke bertako lehengaiak bioenergiara bideratzea. Bestalde, eskualdeko zuhaitz ugariena Pinus Radiata da, eta gaixotasunaren (banda marroia) eragina kalkulatu beharko litzateke".
  • Geotermia aldetik, potentzial altuko guneak aztertu beharko liratezke, bailararen iparraldeko guneetan batik bat. Zentzu horretan, Aiaraldeko herrietan geotermia azterketak egitea proposatu dute. “Geotermiaren arazoa garestia dela da. Aerotermiarekin, aldiz, ez dira zuloak egin behar, baina ez da hain eraginkorra".
  • Garraio zerbitzuei dagokienez, jasangarritasuna eta mugikortasuna sustatzeko ekimenak planteatu dituzte: "Elektrifikazioa ez da soluzio bakarra, garraioa partekatzeko lanketa egin behar da. Aiaraldean, gainera, garraio jasangarri elektrifikatua dago (trena). Interesgarria litzateke mugikortasun jasangarrirako lanketa egitea".

Etorkizunari so

Aitor Urresti Gonzalezen arabera, lurralde plangintzan dago gakoa: "Herrietan energiarako esparruak argi markatu behar dira, udal eta herri guztiek egin beharko lukete energia beharren azterketa, non egon daitezkeen energia horiek jakiteko. Aiaraldea bezalako lekuetan, modu zabal eta anitzean plantea litezke: zergatik ez Laudioko beiragintzako arazoei erantzuteko komunitate energetikoa sortu (Vidrala, Guardian, Laudioko Udala eta herritarrak elkartuta), plaka fotovoltaikoak jarri eta guztiok horiek ustiatzen hasteko?". 

Edozelan ere, trantsizio energetikoa herritarrengana hurbiltzeko beharraz mintzo dira bi adituak, "eta ez erakundeetara bakarrik. Informazio bulego energetiko bat sortzea ondo legoke Aiaraldean, diru-laguntza asko baitatoz Europatik. Baina jendearentzat ez da erraza hori irakurri eta ulertzea. Erronka demografikoaren barruan, diru-laguntza hauek partida extra dute 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrientzako, eta Aiaraldean udalerri asko daude tarte horretan”.

Kontuak kontu, Hego Uribeko Mankomunitateak eta Aiarako Kuadrillak baloratu eta erabaki beharko dute energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren aldeko apustua garatu edo ez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide