Brontzezko dominarekin itzuli da Garazi Larrakoetxea altuera jauziko Espainiako Txapelketa Absolututik. Ourensen (Galizia) jokatu zen norgehiagoka asteburuan, eta garaipen bikoitza lortu zuen Arakaldoko kirolariak bertan, bere marka pertsonala ere gainditu zuelako.
1,78 metroko saltoa egitea lortu zuen Larrakoetxeak. Duela hiru aste eginiko Euskadiko Txapelketa Absolutuan, aldiz, lehen postuan geratu zen.
Atleta gaztea oso pozik azaldu da lortutakoarekin. “Oso lorpen handia dela uste dut. Aurten, gainera, oso maila altua egon da Euskadiko Txapelketan, eta Espainiakoan podiumera iristea ez da erraza”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Marketan ere “oso erregular" aritu dela uste du kirolariak, eta baikor azaldu da aire libreko denboraldiari begira, “pista estalia delako oinarria. Horretan ondo arituz gero, logikoa da pentsatzea aire librekoan ere ondo arituko naizela, lesiorik edo bestelako gorabeherarik ez baldin badut”.
Aire libreko denboraldia
Apirilaren amaieran hasiko da aire libreko denboraldia, eta bertan ere antzeko helburuak izango ditu Larrakoetxeak: bere marka pertsonala hobetzea eta Espainiako Txapelketako podiumera igotzea. Hiru liga, Euskadiko Txapelketa eta Espainiako Txapelketa izango ditu zita nagusi, bidean atera daitezkeen bestelako topaketa batzuekin batera.
Beste atleta batzuk baino ohituagoa dago Larrakoetxea aire librean aritzera. Iruñan entrenatzen du, eta bertan ez dago pista estalirik. Gauzak hala, kanpoan egin behar dituzte entrenamenduak, baita neguan ere. “Zizurreko pista estalira jo ahal izan dugu aurten, astean behin, baina orain arte aire librean aritu gara pista estaliko denboraldia prestatzen”.
Gauzak hala, datozen hilabeteetako erronketarako prest dagoela uste du kirolariak.