Beroak ez ditu Arakaldoko jaiak eragotzi, baina apur bat baldintzatu ditu. Iluntzeko ekintzek izan dute harrera onena, tenperaturak apur bat jaitsi direlako eguzkirik gabeko orduetan. Atxurre taldeak eta Beranduegi erromeriak girotu zuten atzoko gaua, baina Lekittoko Deabruak-en emanaldiak sortu zuen ikusmira handiena. Antzerki taldeak su pirotekniko ikusgarriekin argitu zuen herrigunea, eta bizilagun ugari animatu ziren deabruen txinparta zaparraden artean aritzera.
Dena den, bero olatuak olatu, giro ona izan da nagusi baita egunean zehar eginiko ekintzetan. Hainbat lagun animatu ziren atzo tortilla zein bolo txapelketetan parte hartzera. Haurrek ere izan zuten zertaz gozatu: apar-festa, ur-jolasak, Diskotxantxa eta 'Txiki Rock' familia kontzertua egon ziren, besteak beste.
Gaur, aldiz, igel eta bolo txapelketak egon dira goizean, Boleros 4 taldearen musikak giroturik. Ondoren, hainbat bizilagun batu dira frontoian eginiko herri bazkarian.