Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gogorarazi du 2016an ekin ziotela Euskararen Eguna eskualde osoa batera ospatzeari. "Amurrion 'aterkipean' hasitako bidaiak Urduña, Laudio, Orozko eta Luiaondo izan ditu geltoki. Aurten, berriz, Arakaldoren txanda heldu da".
Antolatzaileek nabarmendu dute Arakaldoko Udalaren laguntza "ezinbestekoa" izan dela jaia prestatzerako orduan, eta udalerriak dituen "baldintza interesgarriak" jarri dituzte mahai gainean: "azpiegitura anitza eta natur inguru erakargarria. Hori balioan jarri eta ezagutarazteko aukera baliatuko dugu abenduaren 3an".
Adin guztientzako egitaraua
Aurreratu dutenez, publiko guztientzako egitaraua prestatu dute abenduaren 3rako. "Kultura, musika, umorea, jolasak, dantza eta kirola" egongo dira presente, berriz ere "Euskaraktibatzeko" helburuarekin.
Hemen ikusi daiteke programa osoa:
“Memealdia”
Horrez gain, "berrikuntzak" ere izango ditu ospakizunak. Jakinarazi dutenez, "Memealdia" egingo dute Aiaraldean, Euskaraldiarekin paraleloan. "Gazte eta nerabeei zuzendutako ekimena" izango da hori, eta laster emango dute informazio zehatzagoa.
"Ume eta gaztetxoentzat", aldiz, "Euskararen zuhaitza" dinamika egingo dute Arakaldoko plazan.
Egitarau guztia aurrera ateratzeko, eskualdeko "ikastetxe, entitate eta elkarte" ugari izango ditu Kontseiluak "bidelagun eta konplize". "Euskararen normalkuntza dugu xede eta bide horretara batzera deitu nahi dugu komunitate osoa".