Nola laburtuko zenuke 2022. urtean Arakaldon garatutako jarduna?
Aurten proiektu handi dezente egin ditugu herrian, legealdiaren ekuatorea igarota, egiteke genituen gehienak garatu ahal izan ditugulako. Alde batetik, Arakaldo eta Arrankudiaga herriak lotzen dituen bidegorri bat egin dugu. Bestetik, sortzen diren hondakinen kudeaketarako proiektu bati ekin diogu, hainbat arrazoi medio, sailkatze datuak ez zirelako oso onak.
Zertan datza hondakinen proiektua?
Birziklapena errazteko, auzo bakoitzean giltzez itxitako etxolak jarriko ditugu mota guztietako ontziekin: beira, papera, ontziak, errefusa, organikoa, konposta eta baita garbigunera eraman beharreko hondakinentzako tokia ere. Konpostagailuak jarri ditugu etxeetan konposta egin nahi dutenentzako, eta beti egongo da estrukturantea eskura. Beste gune itxi batean aguazilak auzo guztietako jasoketa sailkatua eramango du. Horrela, mankomunitateko kamioia etortzen denean horra baino ez du joan beharko.
Sailkapena inbertitu nahi dugu. Egun, hondakinen %20 birziklatzen dugu eta gainerakoa errefusera doa; buelta eman nahi diogu horri. Bestalde, hondakin kopurua murrizten lagundu nahi dugu. Horretarako, sentsibilizazio kanpainak egingo ditugu. Adibidez, beirazko tuperrak eta oihalezko poltsak banatuko dizkiegu herritarrei, erosketak egiteko baliatu ditzaten. Saiatu gara auzotarrei ahalik eta erosoen jartzen zaborraren sailkapena.
Energiaren arloan eguzki plakak jarri zenituzten iaz. Martxan daude jada?
Hainbat hilabete egon gara Iberdrolaren zain instalazioa martxan jarri ahal izateko eta inbertsioa amortizatzen hasteko. Ia urtebete itxaron behar izan dugu baina martxan dago jada. Orain, datuak jasotzen ari gara eta asmoa herri batzar bat egitea da, auzokideei proiektua zabaltzeko. Instalazioa partekatzeko proposamena egin nahi diegu, helburu bikoitzarekin: ekologikoa eta ekonomikoa, energia eta dirua aurreztea, alegia.
Ildo horretan, zerbait geratu zaizue egiteke?
Gauza bera egin nahi dugu herriko Interneterako sarbidearekin. Herriko sare bat egin nahi dugu, publiko-komunitarioa, baina ezingo diogu legealdi honetan heldu.
Zenbait konponketa lan ere egin duzue aurten.
Plazatxoa konpondu dugu. Espaloia handitu eta margotu dugu eta hesi berri bat jarri dugu, argiztatuta. Horrez gain, ur-hargune bat ere hobetu dugu. Arakaldon herrian bertan kudeatzen dugu kontsumitzen dugun ura, partzuergotik kanpo, hori baita herritarren desira. Bi ur-hargune ditugu, bata herriko goiko partean eta bestea beheko aldean. Horretatik soilik hartzen dugu ura goikoan falta denean. Uda baino lehen beheko hargunea konpondu eta putzua handitu genuen eta horri esker ez dugu inolako eskasiarik izan uda lehor honetan.
Udalaren ekinbidetik kanpo, zeintzuk izan dira aurtengo mugarriak herrian?
Arakaldo herri lasaia da. Unerik garrantzitsuenak jaiak eta neguko solstizioa izan ohi dira. Horrez gain, aurten euskararen egun bateratua hartu dugu Arakaldon, eta erronka handi bezain polita izan da. Guretzako ia jaiak antolatzea bezalakoa izan da azpiegitura aldetik, baina Kontseiluak lan handia egin du programazioan.
Zeintzuk izango dira etorkizuneko erronkak?
Datorren urtean hauteskundeak izango dira eta ez da momentua erronka handiei heltzeko. Zenbait proiektu idazten ari gara, dena prest uzteko hurrengo legealdian erabakia har dadin. Besteak beste, brigadako langileentzako biltegi berri bat egin nahi dugu eta lan egiteko tokia hobetu, txiki geratu zaielako. Hondakinen proiektuari ere jarraipena egin beharko diogu. Etxebizitza publikoei dagokionez, ditugun bost etxebizitza publikoak konpondu nahi ditugu, eta bi edo hiru berri egin eraikin berean, guztira zortzi izan daitezen. Eusko Jaurlaritzako zenbait sailekin gaude harremanetan. Hirigintzari dagokionez, HAPOarekin hasi gara arau subsidiario batzuk egungo legeetara egokitzeko. Hainbat urtetako erronka polita izango da eta guk herritarren partaidetza bermatu nahi dugu. Hondakinen proiektuarekin ere horrela egin genuen: herri batzarren bidez eta enpresa baten dinamizazio lanekin partaidetza bultzatu genuen.